Denboraldiari begira, talde berritua aurkeztu du Mutriku Sokatira Taldeak
Beteranoez gain, bost kide berrirekin hasiko du Mutrikuk Euskadiko lur gaineko sokatira txapelketa. Berriatuan hasiko den txapelketa hasteko gogotsu daudeEtzi Berriatuan hasiko den Euskadiko lur gaineko txapelketara aurkeztuko duen taldea osatua du Mut...
Beteranoez gain, bost kide berrirekin hasiko du Mutrikuk Euskadiko lur gaineko sokatira txapelketa. Berriatuan hasiko den txapelketa hasteko gogotsu daude
Etzi Berriatuan hasiko den Euskadiko lur gaineko txapelketara aurkeztuko duen taldea osatua du Mutrikuko Sokatira Taldeak. Angel Arrieta entrenatzaile mutrikuarraren aginduetara tiraka ariko diren hamahiru neska-mutilak denboraldi berria hasteko gogotsu daude.Zehatz esanda, zazpi ondarrutarrek, hiru mutrikuarrek eta markina-xemeindar, mendarotar eta azkoitiar banak osatzen dute taldea. Guzti horietatik ia erdiak, gainera, berriak eta inoiz sokatiran ibili gabekoak dira; beste kirol diziplina batzuetan ibilitakoak baldin badira ere, sokatira berria da eurentzat. «Aurten, ziuraski, Euskadiko txapelketan gu izango gara taldekide berri gehien dituen taldeea».
Berriak zein beteranoak, gogor ari dira entrenatzen, eta euren artean ondo egokitzen ari dira. Hain zuzen ere, denen artean, talde lehiakor bat sortzeko ahaleginetan ari dira.
Betebehar zaila
Taldea berria izanda lehen postuetan egoteko esperantzarik ez badute ere, gogor saiatuko dira aurkarien aurrean onena ematen. Hala ere, ez da lan erraza izango mutrikuarrena.
Podiumeko mailaren batera igo nahi baldin badute, asko sufritu beharko dute. Lehen bi postuetan sartzea oso zail izango dute mutrikuarrek, hortaz, hirugarren postuari begira ibiliko dira. Hala ere, brontzea lortzea ez da erraza izango aurkariek dituzten taldeak ikusita.
Izan ere, Erandioko Goiherri eta Laukizko Gaztedi klubek oso talde lehiakorrak eratu dituzte, eta haien aurka irabaztea zaila izango dela badiote ere, ez da ezinezkoa izango. «Denboraldiaurrean gure aurkari zuzenek nolako taldeak osatu dituzten aukera izan dugu. Batzuk, gainera, inoizkorik gogorren ikusi ditugu, baina ez gaude haiei gauzak erraz uzteko», azaldu du Jabi Urresti taldeko beteranoenak.
Taldea nolakoa duten ikusita, aurten tiraldi motzak egin beharko dituztela aurreikusten dute taldeko kide beteranoenek. «Motzetan potentzia eta indarra behar dira, eta hori badaukagu».
Talde bat gutxiago
Txapelketari dagokionez, sei taldek parte hartukodute txapelketan; Mutrikuz gain, Goiherri A eta B eta Gaztedi taldeko A, B eta C txapela lortzeko lehian ariko dira aurten.
Getxok, ordea, ezin izan du talderik osatu, eta, horrenbestez, ez du parte hartuko.
Bestalde, pisuaren arabera hiru jardunalditan banatuko diren lau txapelketa egongo dira jokoan: 680, 640, 600 eta 560 kilokoak, hain zuzen.
Denboraldia hastear da, eta tiralariei aurten ere sufritzea tokatuko zaie. Txapelketa denetan parte hartu nahi baldin badute, pisua galtzen joan beharko dute. Txapelketa batetik bestera, 40 kiloko aldea izango da, eta batez beste, bosna kilo argaldu beharko da kide bakoitza. Oraingoz, pisuari begira ondo hasiko dute mutrikuarrek denboraldia.