Herritarrekiko zerbitzu zabalagoa emango du Bidebusak aurrerantzean
Zapatuetan eta abuztuan ere emango du zerbitzua Bidebusak. Zapatu eta jai bezperetan ere zerbitzu berezia jarriko du udalak. Irailetik aurrera, ordutegi eta ibilbide zabalagoa edukiko duGernika-Lumoko Bidebusak zerbitzu zabalagoa emango du aurrerantzea...
Zapatuetan eta abuztuan ere emango du zerbitzua Bidebusak. Zapatu eta jai bezperetan ere zerbitzu berezia jarriko du udalak. Irailetik aurrera, ordutegi eta ibilbide zabalagoa edukiko du
Gernika-Lumoko Bidebusak zerbitzu zabalagoa emango du aurrerantzean, Ingurumen arloko zinegotzi Jose Ramon Bilbaok jakitera eman duenez. Hain zuzen, zerbitzuak eta ingurumen sailak udazkenean burututako parte hartze prozesuak jasotako iradokizunak kontuan hartuta prestatu ditu orain udalak lizitazio pleguak. Hala, zerbitzua optimizatzea lortu dutela dio Bilbaok.Zerbitzuak doakoa izaten jarraituko du, baina berritasunak dakartza aurrerantzean. Esate baterako, zapatu eta abuztuko lanegunetan ere emango du udalak Bidebus zerbitzua, eta autobusak bi aldiz egingo du ibilbide osoa: 11:00etan eta 14:00etan. Gainera, zapatu eta jai bezperetan gaueko zerbitzua eskaintzeko aukera ere aurreikusi du udalak. Egun horietan ere, Bidebusak bi aldiz egingo luke ibilbide osoa, 00:30ean eta 03:00etan.
Auzoetaraino
Irailetik aurrera, gainera, zerbitzuaren eskaintza handitzea aurreikusi du Gernika-Lumoko Udaleko Ingurumen Sailak. Bilbaok aipatu duenez, hurrengo ikasturteari begira pilaketak saihestu gura dituzte. Horretarako, errefortzu berezia ipini gura dute lehen orduan. Autobusa 07:55ean aterako litzateke Lurgorritik, ikasleak institura garaiz iristeko (08:10ean). Era berean, zerbitzua auzoetara ere hel dadila dute asmo: Lumoko San Pedrora, Aranera eta Zallora.
Segurtasuna hobetu
Ordutegian eta ibilbidean ez ezik, beste zenbait aldaketa ere aurreikusi ditu Gernika-Lumoko ingurumen sailak. Esate baterako, autobusean bizikletak eramateko sistema jarri gura du, baita 5 urtetik beherako umeak lotzeko sistema ere.