Astelehenean [maiatzak 4] hasi eta maiatzaren 29ra bitartean, Mutrikuko kiroldegia eguerdietan ez dute itxiko. Ordutegi berria kontutan hartuta, astelehenetik barikura, 09:30etik 21:30era zabalik egongo da kiroldegia. “Eguerdiak libre dituzten herritarrei, dendariei, esate baterako, kirola egiteko aukera eskaintzea da ordutegia zabalik mantentzeko arrazoi nagusiena”, azaldu du Mikel Mariezkurrena udaleko kirol teknikariak.
Mutrikuko kiroldegia. Argazkia: mutriku.eus
Saio gidatuak izan ezik, gainontzeko zerbitzu guztiak erabiltzeko aukera izango dute eguerdietan kiroldegia erabiltzera animatzen direnek.
Udalak azaldu duenez, zenbait herritarren eskaerari erantzun nahian hartu da erabaki berria. “Maiatzean proba egitea erabaki dugu. Eguerdietan zabalik edukita, ordu horietan benetan zenbaterainoko eskaera dagoen ikusiko da”. Proba hilabetea amaitzen denean, eta lortutako emaitzen arabera, proposamen berria luzera zabaltzea edo ez erabakiko da.