Lekeitio zeharkatu du gaur eguerdian Maiatzaren Leheneko manifestazioak. Lanpostu duinak, etxebizitza duinak eta Lea-Artibain lan eta bizi izateko aukera eskatu dute besteak beste LAB sindikatuak deitutako eskualde mailako manifestazioan. Euskal Herriko Karta Sozialak, Ernaik, eta Lea-Artibaiko ikasleek ere bat egin dute LAB sindikatuak egindako deialdiagaz.
Goizetik hasi dira Maiatzaren Leheneko mobilizazioak eskualdean. Izan ere, manifestaziora heltzeko autokarabanak egon dira Munitibartik, Ondarroatik eta Markina-Xemeindik.
Eskolapetik irten dira manifestariak, eta Lekeitio zeharkatu ondoren, Independentzia plazan amaitu dute ibilbidea. Txalapartaren doinuak egin die harrera manifestariei ekitaldi politikoari hasiera emanez.
Dependentziaren emaitza ezaguna dela adierazi du LABek, “miseria eta injustizia”. Burujabetza langileen defentsa lerroa dela azpimarratu dute, “gaur inoiz baino beharrezkoagoa”, eta ordua dela esan dute “gure herria hondamendira eramaten gaituen estatuen eta kapital handien aurrean gure ibilbide propioa markatu, erabaki eta jarraitzeko”. Horretarako orain bi urte abian jarri zen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta aitatu du LABek. “Guztion artean Euskal Herrirako eredu berri bat eraikitzen hasteko gutxiengo eskubide eta beharrizanen multzoa da karta soziala, eta Karta Sozialeko partaideok aurten lan tresna garrantzitsua zabaltzen ari gara, programa soziala”, azaldu dute.
Programa Soziala aldaketa bidean jartzeko hamasei neurri zehatzez osatuta dagoela jakitera eman dute, eta programaren lanketagaz konpromiso osoa dutela agertu dute. “Oraingoan gure eskualdean bereziki azpimarratu nahi dugu enpleguaren defentsarako ezinbestekoa dela lanaren banaketa, eta horretarako bi neurri zehatz aldarrikatu nahi doguz gaurko honetan: 35 orduko lanaldia eta ordu estrarik ez”, azpimarratu dute.
Eguneroko borroka
Lea-Artibaiko gazteek ere hartu dute hitza gaurko ekitaldian. Euskal Herrian eta nazioarteko beste herri borrokalarietan langileriak jendarte justu baten aldeko borroka eraman du aurrera urteetan zehar, eta aurten ere hutsik egin barik dabiltzala esan dute gazteek. “Egun neoliberalismo basatiaren eraso gogorrak jasaten ari gara eta horregaitik inoiz baino motibo gehiago ditugu kaleak astintzeko. Herri mugimenduagaz batera gazte mugimenduko kideok ere kalera irten gara, ikasleok, gazteok, denok gara langile herria”, esan dute.
Euskal Herrian eta nazioarteko beste herri borrokalarietan langileriak jendarte justu baten aldeko borroka eraman du aurrera urteetan zehar, eta aurten ere hutsik egin barik dabiltzala esan dute gazteek.
Gazteak bizi prekariora kondenatzen dituztela ikusten dute. “Faltsuak diren ametsez marrazten deuskue etorkizuna oraina burrukatu ez daigun, eta patronalaren mesedetan dautsen politikariak ere gure emanzipaziorako ezintasuna areagotzen dute euren lagunen interesak defendatzen dituzten bitartean. Prekarietatean bizi arren pribilegiatuak omen gara, baina, bizi ala bizi-iraun”.
Horren guztiaren konponbidea bakotzaren esku dagoela esan dute gazteek, eta borrokatu egin behar dela egunero. “Sekula inok ezer emongo digunaren ideia burutik kendu behar dugu eta alkarregaz burruka egin”. Burujabetza ikusten dute horretarako tresna eta bidea. “Zapaltzen gaitun sistemaren aurrean burujabeak izan behar gara. Geure erabaki propioak hartu eta geure behar eta nahien araberako eredua eraikitzera egin behar dugu salto”.
Sistemaren kateetatik ihes egiteko ezinbestekoa dela ikusten dute indarrak antolatu eta miseriaren aurrean aldaketaren aldeko apustua egitea.
“Burrukaz bakarrik aldatu daitezke bakarrik gauzak, eta horrela erakutsi du historiak. Eguneroko txinurri lanagaz geuri dagokigu horreri jarraipena ematea, bidean aurrera segitzea. Gazteok lehen lerroan egon behar dugu. Makurtuta eta etxean gordeta nahi gaituen sistema patriarkal kapitalistari haginak erakusteko”.
Egun baten borroka egitea baina, ez dela nahikoa diote. “Egunerokotasunean ekin behar dugu, norberagandik hasi eta kolektiboraino. Beste eredu baten alde alternatibak eraikiz kapitalismo neoliberalagaz amaitu behar dugu behingoz”.
LABek Eibarren egindako manifestazioa. Argazkia: Topatu.info
Mutrikuarrak, aldiz, LAB sindikatuak Eibarren egin duen mobilizazioan parte hartu dute. Horretan, 1.000 inguru bildu dira Debagoiena eta Debabehea bildu dituen manifestazioan.
ELA sindikatua
Ohi duen bezala, Bilbon ospatu du Maiatzaren Lehena ELAk. Adolfo Muñoz idazkari nagusiaren mitinarekin hasi dute protesta, 11:45ean, Jesusen Bihotzaren plazan. Jarraian, manifestazioa egin dute Kale Nagusitik hasi eta plaza Biribileraino.
ELAk Bilbon egindako mobilizazioa. Argazkia: ELA
Sindikatuaren garrantzia aldarrikatu du Muñozek: “Sindikatua militanteon esku dago. Gure esku dago sindikatua tresna eraginkorra izatea”. Izan ere, “antolakuntza” jo du patronalari “aurre” egiteko modu bakar gisa: “Injustiziak daude, eta gatazka soziala horren ondorio da”.
[nggallery ID=234]
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.