Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti pilotu eta kopilotu markina-xemeindarrek egin dute denborarik onena IV. Lea-Artibai Rallyaren lehen egunean. 12:06.906 denbora behar izan dute gaurko lau tarteak egiteko. Lau tarteetan ibili dira ondo Antxustegi eta Urresti. Bigarren, hirugarren, berriro bigarren eta azken tartean lehen postuan geratu dira. Emaitza on horiek jarri dituzte buruan Antxustegi eta Urresti.
Biharko etapa ezin izango dute baina, lasai hartu. Lehia bizia bizi izan da gaur, rallyan. Sailkapena estu-estu dago, eta gaurko emaitzak ikusita, bost edo sei autoren artean egon daiteke IV. rallyko garailea. Izan ere, segundu gutxitara daude sailkapenean parte hartzaileak. 7 segundoko alde estuagaz bigarren jarri dira Eskuderia Eibarko Iñaki Narbaiza eta Unai Etxeberria. Atze-atzean daude bai eta Xabier Lujua eta Jesus Estrada ere, bigarrenengandik segundu bira, eta Gernika Racing-eko Ander Arana eta Arkaitz Kobeaga ere gainean dituzte.
Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola, eta Txus Jaio eta Jesus Urkidi ere, lehen postuak borrokatzeko aukera handiekin daude. Bosgarren eta seigarren jarri dira momentuan.
Gaurko emaitzen arabera irtengo dira autoak bihar goizean Markina-Xemeindik. Etxebarrian 20 minutuko asistentzia egiteko aukera izango dute, eta 09:17ak aldera irtengo da lehen autoa bigarren etapa burutzera.
Goizean, Berriatua-Mendexa eta Ispaster-Ereño tarteak egin beharko dituzte rallyko parte-hartzaileek. Arratsaldean, berriz, Etxebarria-Eibar eta Elgoibar-Etxebarria artean ibiliko dira.
Sari banaketa Etxebarrian bertan egingo da rallyaren amaieran.
Ikusle asko
16:30ean irten dute Markina-Xemeindik lasterketako 52 parte hartzaileak. Banan-banan pasatu dira auto guztiak podium gainetik motorzaleek bertatik bertara ikusi ahal izateko, eta 17:00ak aldera irten da lehen autoa, Gernika Racing-eko Ander Arana eta Arakaitz Kobeagarena, rallya egitera.
Markina-Iturreta eta Aginaga-Etxebarria izan dira IV. Lea-Artibai Rallyko parte hartzaileek gaur egin dituzten tarteak.
Giro handia egon da, batez ere KPR Racing Eskuderiak Etxebarrian, Eika eta Miba artean jarri duen ikuskizun tartean. Hainbat lagun batu dira bertan autoak heltzen ikusteko.
Kolpe batzuk ere egon dira, Aitor Lozano eta Iñigo Fernandezen Peugeot 206 xs autoa kolpeagaz ailegatu da, esate baterako, Etxebarriko helmugara.
Zazpi autok utzi behar izan dute rallyko lehen etapa. tartean egon dira Eskuderia Hamaikako Ioritz Abaroa eta Jonathan Zabala.
Asistentziarako tartea izan dute autoek, gidariek eta kopilotuek bigarren buklea hasi aurretik. Momentu horretan Gorka Antxustegi lehenengo postuan joan da, Iñaki Narbaiza atze-atzetik zuela.
EMAITZAK, MOMENTUAN (FOTOMOTOR)
[nggallery ID=235]