Aurreko astean eguraldi txarragatik atzeratu ostean, bihar [maiatzak 2] jokatuko da Munduko mendi eski kopako azken proba:
Mezzalamako trofeoa.
Nahia Quincoces Altuna eskiatzaileak bertan parte hartuko du Marta Riba eta Marta Garcia katalanekin batera. Mendexarraren bi kideak eskarmentu handikoak dira, eta biak ere maila onean dabiltza. Garcia, esate baterako, ezaguna du Quincocesek. Hain zuzen ere, beragaz jokatu zuen aurten Pierra Mentako txapelketa.
Quincoces, Garcia eta Riba, aurreko asteko entrenamentuetan. Argazkia: FEDME
Hirunaka egin beharreko proba zaila eta oso teknikoa izango dela aurreratu dute antolatzaileek; lasterketa gehiena 4.000 metrotik gorako altueran egingo baita. Altuera horietara hobeto egokitzeko hiru parte hartzaileak arinagotik joanda egon dira.
Kontrako norantzan
Aurten gainera, lasterketaren ibilbidea aldatu egin dute. Ohiko bidea barik aurkako norantzan egin beharko dute lasterketa. Toki benetan ederretan eta ikusgarrietan ibiliko badira ere (Italia, Frantzia eta Suitza artean), inguruez gozatzeko asti gutxi izango dute Quincocesek, Ribak eta Garciak.
Gressonay-tik (Italia) irten eta Cervinia (Italia) bidean 45 kilometro egin eta 3.430 metroko desnibela gainditu beharko dituzte eskiatzaileek.