Uxu Ondarroako emakumeen taldeak antolatuta, Isabel Castro feminista eta ESK sindikatuko kideak
Consecuencias de la crisis en la vida de las mujeres hitzaldia eskainiko du eguaztenean [maiatzak 6] Ondarroako Etxelilan. Hitzaldia 19:00etan izango da eta herritarrei bertan parte hartzeko dei egin die Uxuk.
Hitzaldian krisi aurretik zein krisi garaian emakumeen egoera zein izan den eta zein den aztertuko dute. “Krisialdia ailegatu aurretik, hainbat neurri hartu ziren genero berdintasuna lortzeko. Baina krisi garaia ailegatu zenean, neurri oriek alboratzeaz gain, hartu ziren neurriak ez ziren genero ikuspegitik hartu”. Horrela, Castroren esanetan, krisialdiak genero desberdintasuna oraindik ere geihago handitu du. “Krisialdian, komunikabideek, eraikuntzaren alorrean-eta zenbat lanpostu galdu ziren kontatu zuten. Baina kontatu zuten hori ez zuten genero ikuspegitik aztertu. Horrela, Zapatero presidente izan zen garaian, hartu ziren neurriak ere ez ziren genero ikuspegia kontuan edukita hartu. Eta noski, krisiaren aurretik genero desberdintasuna handia bazen, gerora, handiagotu egin da”.
Isabel Castro feminista eta ESK-ko kidearen arabera, krisialdia ailegatu aurretik zegoen genero desberdintasuna areagotu egin du krisialdiak; politikarien hizkuntza ereduak ez ditu desberdintasunak bistaratzen lagatzen
Castroren esanetan, baina, lan arloan desberdintasunak “nabarmenak” egoteaz gain, bizi kalitatean ere badaudela dio. “Zelakoa da denboraren erabilpena gizonengan eta emakumeengan? Zeintzuk dira batak eta besteak betetzen duten funtzioak? Dudarik gabe, emekumeen bizi kalitatea baxuagoa da. Eta hori kontuan hartu behar da”.
Orokorrean, jendartea, ez dela egungo egoeraz jabetzen dio Castrok. “Botere politikoak erabiltzen duen hizkuntzaren arabera, berdintasunean oinarritzen den jendartean bizi gara. Eta modu horretako hizkuntzak ez du azpian dagoena bistaratzen lagatzen”. Azterketak, datuak, estatistikak… Castroren arabera, horiek guztiak bistaratzea lan mardula da. “Epe luzera begira, gutxinaka-gutxinaka, egin behar den lana da”.
Krisiak genero alorrean utzitako ondorioak kezkagarriak direla dio. “Berdintasunean aurrera egiteko, egoeraz jabetu eta kontziente izan behar gara. Behin hori eginda, politikariei hartu beharreko neurriak exijitu egin behar diegu”.