Lea-Artibai eta Mutrikuko mendi taldeek irteera bateratua egingo dute domekan [maiatzak 10]. Irteera antolatzea Mutrikuko
Burumendi Mendizale Elkarteari egokitu zaio, eta oraingo honetan Nafarroa aldera joango dira, Iruñerriko eskualdera.
Gaskuetik irten eta Ezkaba menditik barrena ibili ondoren, Antsoainen amaituko dute
14 kilometro inguruko ibilbidea. “Hasiera batean Latasa aldera joateko asmoa bagenuen ere, ibilbidea zertxobait aldatzea erabaki dugu. Domekan egingo duguna, zer edo zer motzagoa izango da”, adierazi dute Burumendiko arduradunek.
Ezkabako San Kristobal gotorlekua. Argazkia: Jarob
Antolatzaileek aurreratu dutenez, ibilbidearen zailtasuna “nahikoa erraza” izango da: aldapa goran, 700 metroko desnibela egongo da, eta aldapa beheretan 805 metrokoa. Lau bat orduan egiteko moduko ibilbidea izango da. “Era berean, denboraz ondo dabiltzanek, San Kristobal inguruak bisitatzeko aukera ere izango dute. Bertan garai bateko gotorlekua eta kartzela izandakoa bisita daitezke, esate baterako”.
Autobusak
Lekeitioko
Lumentza mendi taldeko, Ondarroako
Aurrera mendi taldeko, Markina-Xemeingo A
rtibai mendigoizale taldeko, Mutrikuko Burumendi Elkarteko eta Debako
Burdinkurutz mendi taldeko kideek antolatuta, mendi irteera joateko autobusa egongo da.
Autobusak 07:30ean irtengo du Markina-Xemeindik eta Lekeitioko kideak jaso eta gero, Ondarroan geldialdia egingo du 07:45ean, Astilleruko geltokian. Mutrikuarrak 07:45ean jasoko dituzte biribilgunean, eta handik Deba aldera abiatuko dira falta direnak jasotzeko.
Irteeran izena emateko azken eguna eguena [maiatzak 7] izango da. Honako toki hauetan eman daiteke izena:
- Lekeitio. Arantza bitxidenda
- Markina-Xemein. Alpino elkartea edo Loraitz denda
- Mutriku. Aparra jantzi denda
- Ondarroa. Anaitasuna taberna