Ion Ansotegi Realeko jokalariari ekainaren 30ean amaitzen zaio Realarekin daukan kontratua. Berriatuarrak oraindik kontratu berria sinatu ez badu ere, Realak jokalariari esan dio kontratua berritu nahi diola. Dena den, bi aldeak mahai gainean jarri eta adostasunera ailegatu beharko dira. Hori baina, ez da zaila izango; bi aldeek dute kontratua berritzeko asmoa.
Ansotegik 33 urte ditu eta informazio iturrien arabera, Realak eskainiko dion kontratu berria ez da luzerako izango. Ansotegik baina, Realagaz jarraitu nahi du eta hori da bere lehentasuna.
Berriatuarrak Realean jarraitu nahi du eta taldeak epe luzeko kontratua egingo ez badio ere, aurreikuspenen arabera Ansotegik Realean jarraitzearen alde egingo du
Orain arte gertatu ez bada, berriatuarrak badaki Reala utzi edo ez dilema aurkeztuko dion eskaintzarik ez duela orain edukiko, Ingalaterrako talderen batek interesa erakutsi badu ere. Izan ere, ikuskatzaileak Ansotegi zaintzen egon direla diote informazio iturriek eta bizkaitarrak kontratu amaiera gertu duenez, eskaintzaren bat egingo dietela uste da.
Entrenatzaile eskoziarrak begi onean dauka Ansotegi eta orain arte bere eskemetan beti sartu izan du; Iñigo Martinezen aldamenean ipini izan du. Egoera horrek Ansotegiri indarra eman dio. Entrenatzailearen iritziz,
Big Jonny (Ansotegiri deitzen dion modua) denboraldi amaiera ona egiten ari da.
Eñaut Zubikarai atezain ondarrutarraren kontratua ere ekainaren 30ean amaitzen da; Realak esan duenez, maiatzaren 17rako bere etorkizuna zein izango den jakingo du ondarrutarrak
Ansotegirekin batera, Gorka Elustondo, Dani Estrada eta Eñaut Zubikarai ondarrutarraren kontratuak ere ekainaren 30ean amaitzen dira. Realak oraindik ez die esan zein izango den hartuko duen erabakia baina azken jardunaldia jokatu orduko (hori maiatzaren 17an izango da) jakinaraziko diela esan du taldeak.
Horrela ba, laster jakingo dute guztiek zein izango den euren etorkizuna.