Aurreko asteagaz alderatuta arrain kopuru gutxiago lehorreratu badute ere, asteon tamaina handiagoko antxoa harrapatu dute baxurako arrantzaleek; kiloan 33 eta 50 ale bitartekoa. Tamaina dela eta, asteon prezioek nabarmen goraka egin dute Ondarroako kofradiako bentan. Arrantzaleak, oro har, pozik daude arrainak zuen prezioagaz.
Kalare Deuna kofradiako arduradunek emandako datuen arabera, aurreko eguenetik [apirilak 30] eguaztenera [maiatzak 6] bitartera 530.000 kilo antxoa deskargatu dira; bataz beste, 1,91 euroan saldu dira.
‘Gure Leire’ itsasontzi ondarrutarreko marinelak itsasora joateko prestaketa lanak egiten
Kofradiako arduradunen esanetan, kanpainak “martxa onean” jarraitzen du. “Kopuru aldetik asko ari dira harrapatzen, orain baina, tamaina handiagoko arraina arrantzatzea besterik ez da falta”, nabarmendu du Eusebio Arantzamendi presidenteak.
Kantabria aldean
Antxoa haziagoa Santoña (Kantabria, Espainia) parean aurkitu dute, eta eguaztenera [maiatzak 6] arte hantxe inguruan ibili dira arrantzan baxurako ontziak. Gehienek arrantzan jarraitu ahal izateko Kantabriako portuetan deskargatu dute: Santoñan eta Laredon, esate baterako. Hala ere, Ondarroako portura hurreratu denik ere egon da. “Atzo [maiatzak 6], esaterako, hamahiru ontzik deskargatu zuten berton”.
Santoña inguruan arraina gutxitzen hasi da, eta gaur [maiatzak 7], Santoña inguruak utzi eta ipar ekialderantz joan dira arrantzaleak, “han gehiago eta handiagoa aurkitu dutenaren esperantzagaz”. Donostia eta Landa inguruetan dabiltza orain.
Ondarroako ‘Gure Leire’ ontzia arrantzara joateko prestaketa lanak egiten
Asteari dagokionez, gorabehera askokoa izan da. Barikuan [maiatzak 1], esaterako, bandera ipini zuten. Ontziak portuan lotuta egon ziren, eta “aspaldiko partez” ez zen bentarik egon.
Horrez gain, eguraldiak ere ez du gehiegirik lagundu. Astelehen [maiatzak 4] arratsaldean eguraldiak txarrera egin zuen, eta martitzen [maiatzak5] eguerdira arte txalupak portuak egon ziren.
ASTEKO ARRAINA
- Apirilak 30, eguena. 206.000 kilo; 1,93 euro bataz beste.
- Maiatzak 4, astelehena. 175.000 kilo; 1,60 euro bataz beste.
- Maiatzak 5, martitzena. 73.000 kilo; 2,15 euro bataz beste.
- Maiatzak 6, eguaztena: 78.000 kilo; 3,38 euro bataz beste.