Urtero modura, musikaz beteko da zapatuan, maiatzak 9, kontzijopea. Lekeitioko musika taldeek Kontzijoperock jaialdia antolatu dute aurten ere, eta zuzeneko bost kontzertu entzuteko aukera edukiko dute zaleek.
Kontzijoperock jaialdiko kontzertu bat. Argazkia: Lekeitioko Rock Elkartea
Herriko musika taldeei plaza bat eskaintzeko asmoz sortutako jaialdia indarra hartzen doa urtez urte, eta oraingoan, gainera, kontzijopetik atera eta formatu txikiko kontzertu bat ere eskainiko dute. Horrela, zapatuan, 19:30ean, kontzertu akustiko bat egongo da Zulua tabernan, Nebbian talde gernikarraren eskutik.
Beste lau kontzertuak, berriz, kontzijopean izango dira.
Bertoko taldeak
22:00etan hasiko da betetzen udaletxe azpia, eta herriko hiru taldek eta Ondarroako batek joko dute bertan. Lekeitioko Zero, Didar eta Pornox eta eta Ondarroako Lau P4 aterako dira Kontzijoperock jaialdiko oholtza gainera.
Kontzertuetako sarrerak 3 euro balioko ditu, baina, kontsumizio bat sartzen dela jakitera eman dute antolatzaileek. Sarrerak, kontzijopeko bertan atarian erosi ahalko dira.