Artibai Futbol taldeko beteranoek lagunarteko partida jokatuko dute zapatuan, Castelldefels-ko (Herrialde Katalanak) Futgolitos taldearen kontra. Urtero, denboraldi amaieran, kanpora joaten dira Artibaiko beteranoak beste herri batzuetako taldeekin jokatzera. Astilleroko (Kantabria) txapelketa jokatzera egindako bidaian ezagutu zituzten Castelldefelsko futbolariak, eta futbolaz eta lagun arteaz gozatzera gonbidatu dituzte Markina-Xemeinera.
Barroeta Futbol zelaian jokatuko dute Artibai eta Futgolitos taldeek.
Pare bat egun egingo dituzte kataluindarrek Markina-Xemeinen. Zapatuan, 12:00etan, Barroetan partida jokatzeagaz gainera, herria eta inguruak ezagutuko dituzte. Uni frontoia bisitatu eta Arratxinaga ikustera joango dira, eta bazkaria ere izango dute Barinagan.
Bueltako bisita
Oraingoan, kataluindarrak etorriko dira bertora, baina, datorren urtean bertara joateko asmoa daukate Artibaiko beteranoek. Hori da eta, izan ere, taldearen helburua, futbolean jokatu eta bide batez beste talde batzuk eta beste leku batzuk ezagutzea.
Aurten ere, irteera prest daukate. Asturiasera joango dira lagunarteko txapelketa bat jokatzera. Galiziako, Errioxako, Kantabriako, Asturiasko eta Aragoiko herri batzuetan ere egon dira, besteak beste.