Azken asteotan
Gaztetxea berriztatu eta
13+12 urteurren jaia prestatzen buru belarri sartuta ibili dira Eneko Bedialauneta Arrizabalaga (Ondarroa, 1998), Gorka Casais Riveiro (Ondarroa, 1996) eta Beñat Etxaburu Uribe (Ondarroa, 1996)
Gazte Asanbladako kideak. Hilaren 16tik 23ra egitarau oparoa prestatu dute zapatuero asanbladan batzen diren guztien artean. Gazte bazkaria, kontzertuak, oraingo eta lehengo kideen arteko mahai ingurua, gaueko mendi buelta,
rappel-a eta poteoa antolatu dituzte, besteak beste.
Zer da Gaztetxea zuontzat?
Beñat Etxaburu: Edozeinek parte hartu ahal duzen sormenerako leku zabal bat da, gazte desberdinak batzeko lekua.
Eneko Bedialauneta: Askatasun guztiagaz geuk egin nahi duguna egiteko gazte espazio libre bat da. Burura etortzen zaizkigun gauzak egitea posible da berton. Herriko edozeini bertara etorri eta berau ezagutzeko aukera eman nahiko genioke, eta era berean, bertan nahi duena antolatzeko lekua eman nahiko genioke; ateak zabalduta ditugu. Gure helburu nagusia Gaztetxea gazte desberdin eta anitzen topaleku bihurtzea da.
25 urteko bilakaera laburtzea ez da lan erraza izango, baina zelan definituko zenukete?
Gorka Casais: Egia esan, hainbat gauza daude kontatzeko, baina Gaztetxearen historia bi zatitan bana daiteke. Alde batetik, Gaztetxe zaharrarena dago, eta bestetik, orain ezagutzen dugun Gaztetxearena. Hortik 13+12 urteurren leloaren zergatia ere. Batean zein bestean egindako urteak dira.
Lehenengo Gaztetxea noiz hasi zen martxan?
E.Bedialauneta: 1988 inguruan Zaldubiden zegoen lantegi zahar bat okupatu zuten garai hartako Gazte Asanbladako kideek.
Gorka Casais, Eneko Bedialauneta eta Beñat Etxaburu Ondarroako Gazte Asanbladako kideak
Hasierako Gaztetxea eraikin okupatu bat zen, eta oraingoa udalak utzitakoa izateak, zer suposatzen du zuontzat?
E. Bedialauneta.: Urte luzez herriko hainbat kolektibok egindako eskaria betetzea pozgarria izan zen. Denek Gaztetxe baten beharra ikusten zuen, eta hori Gazte Asanbladarentzat garaipen txiki bat izan zen.
B. Etxaburu: Egia esan, zortekoak gara. Herri askotan ez da horrelakorik gertatzen eta.
Gazte mugimenduari dagokionez, gaurkoak eta lehengoak berdinak al dira?
E. Bedialauneta: Nire ustez, bai herri mailan eta baita gazte mailan ere, mugimendu gehiago zegoen lehen. Beharbada, gaur egun ez dagoen beste sentimendu bat zegoen. Orain, ostera, jendartea pasiboagoa bihurtu da, indibidualagoa.
Testuinguru historikoari dagokionez, nolako garaiak ziren?
E. Bedialauneta: Gaurkoarekin alderatuta erabat desberdina zen. Berreskuratzen ari garen artxibo historikoan kanpaina gehienak drogaren aurkakoak zirela ikusi dugu.
Eta azkenaldian zein da Gazte Asanbladaren kezkarik handiena?
E.Bedialauneta: Gazte Asanbladan beti landu ohi dira gazteek dituzten arazoak, eta horiei arazoei alternatibak ematen saiatu gara bai orain eta baita lehen ere. Hainbat gaien inguruko lanketak egiten saiatzen gara.
B. Etxaburu: Nik ikusi dudanaren arabera, azkenaldian landu dugun arazorik nagusiena gazteen arteko harremanak izan dira. Ondarroako gazteen artean hartuemanak nola indartu aztertzen aritu gara. Herrian gazte asko lokaletan batzen dira, euren kasara, eta horiek lokaletatik atera eta denak batzea da gure asmoa. Iraganean lanketa gehienak drogaren inguruan egiten baziren, gaur egun harremanak sendotzeak pisu handia hartu du.
Zer nolako egoeran dago orain Gazte Asanblada?
E.Bedialauneta: Aurreko udatik hona asko aldatu dira gauzak.
Eta hori?
E.Bedialauneta: Egia esan, beti egoten dira gorabeherak. Orain urtebete inguru asanblada erdi hilik zegoen, eta orain hilabete batzutatik hona berriro berpiztu dela esan genezake. Berriro atzera ez egiteko, bi helburu jarri ditugu: alde batetik Gazte Asanblada mantentzea, eta, bestetik, asterokotasunean batzen jarraitzea. Horregaz guztiagaz, bururatzen zaizkigun gauza txikiak aurrera ateratzea errazagoa da.
Zeintzuk, esaterako?
E.Bedialauneta: Azkenaldian Gaztetxea guztiz aldatzen ibili gara. Auzolanean hainbat konponketa egin ditugu, eta barrutik ere itxuraz aldatu egin dugu.
Kontzertuez gain zertzuk gauza egiten dituzue?
E.Bedialauneta: Jende askok pentsatzen du kontzertuak bakarrik egiten ditugula baina kontzertuez gain, beste hainbat ekintzat egiten dira Gaztetxean.
B.Etxaburu: Zapatu goizetan garagardo tertulia feminista egiten gabiltza aspaldian. Liburu batzuetatik testu batzuk hartzen ditugu, eta horien inguruko lanketa eta eztabaida egiten ditugu.
Urteurrenari dagokionez, zein da zuen nahia?
E.Bedialauneta: Herriko gazte zein ez hain gazteak direnak bertara hurreratzea nahi dugu. Modu horretara, egiten ari garen behar guztia erakusteko aukera izango dugu. Jendeari gure ibilbidea, helburuak eta zertan ari garen azaldu nahi diogu.
Hortaz, luzatu gonbidapena herritarrei.
G.Casais:Jende guztiari Gaztetxera hurreratzeko deia nahi diogu egin. Animatu etortzera eta ikusi hurretik zer egiten dugun, ateak beti daude zabalik eta. Horrez gain, asanbladetan parte hartu nahi duen guztia ere esku zabalik hartuko dugu. Era berean, garai batean asanbladan ibilitako jende guztiari ere jaian zein mahai inguruan parte hartzera gonbidatzen ditugu; horrek guzti
Urteurren egitaraua