Gaur [maiatzak 10], Oñatin 0-2 irabazi ostean, matematikoki 3. mailako taldea da Aurrera. Ondarrutarrek ondo baino hobeto lortu dute euren helburua. Izan ere, denboraldia amaitzeko bi jardunaldiren faltan, Ohorezko Mailako txapeldunak dira.
Aloña Mendi mendean hartzea ez da batere erraza izan. Xepe Gallastegiren mutilek lehen zatian gol aukeraren bat edo beste eduki baldin badute ere, hutsean berdinduta joan dira aldageletara. Atsedenaldiaren ostean, indarberrituta atera dira ondarrutarrak Azkoagaingo zelaira, eta minutu gutxitan etorri dira garaipenaren gol biak.
Lehen gola Unai Nuñezek buruz sartu du 68. minutuan, eta Aritz Solabarrietak handik bost minututara sartu du partidako bigarren eta azken tantoa.
Behin partida amaituta, Oñatira joandako zaleek eta taldeko kideek goi-goitik ospatu dute igoera. Hantxe zeuden pozez gainezka, esate baterako, Eladino Gonzalez klubeko presidentea eta Xepe Gallastegi taldeko entrenatzailea ere, batera eta bestera, besarkadak eta zorionak banatzen. Gonzalezen esanetan, gaurko garaipena bazkideei eskani beharrekoa da.
“Beti gugaz dauden guztientzat da. Aurrera bazkideena da, eta eurentzat da igoera.”, nabarmendu du presidenteak, malkoei ezin eutsita. Mutilek zelaian egindako lana goraipatu du: “Oso ondo jokatu dute, aukera askogaz, eta ondo irakurri dute partidua. Lehenengo aukeran lortu dugu igoera, eta poza eta lasaitasuna dauzkagu. Guk argi geneukan hiru partida geneukala igoera lortzeko, guk ez genituela denak huts egingo, eta Aretxabaletak ez zuela guztia irabaziko”. 3. mailara bueltatzeak “arantza bat” baino gehiago kendu duela esan du: “Pako eta Iñaki Aurrera jaitsi zenean klubean zeuden, behargin modura eta tekniko modura, eta eurek esaten zuten zeukatela arantza bat hor sartuta, eta atera dute. Guztiek atera dute.
“Beti gugaz dauden guztientzat da. Aurrera bazkideena da, eta eurentzat da igoera. Pako eta Iñaki Aurrera jaitsi zenean klubean zeuden, behargin modura eta tekniko modura, eta eurek esaten zuten arantza bat zeukatela hor sartuta, eta atera dute, guztiok kendu dugu.”
Hilaren 23an egingo dute ospakizun handia Zaldupen. “Txapeldunen kopa emango digute, Antxoa Eguna da… Egun polita izan daiteke, eta izan behar da. Herriko klubik zaharrena da Aurrera, harro sentitzeko elkartea, barruan sentitzen duguna. Hori ospatu egin behar da. 3. mailara igotzea oso gaitza da. Mutrikuar bat, eibartar bat, eta gainerako guztiak herriko mutilak dira. Hori merezimendu handia da. Gaitzagoa da igotzea, mantentzea baino”. Azkenengoz ia hogei urtean egon zen Aurrera 3. mailan, eta oraingoan ere hori lotzeko egingo dute lana.
Eladino Gonzalez, Xepe Gallastegi eta Jose Aranguena, igoera ospatzen.
Xepe Gallastegi taldeko entrenatzailea ere pozik zegoen lortutako emaitzagaz. “Sentsazio onak izan ditugu hasieratik. Mutilak garaipen gosez atera dira”. Emozioak gaindituta egin zituen lehen adierazpenak, ahotsa erdi moztuta: “Izugarria izan da. Aurrera asko maite dut. Hamar urte daramatzat futbolean, eta hau benetako oparia da. Zuzendaritzagatik asko pozten naiz, izugarrizko lana egiten dute. Eta Mikel eta Aiert, beti daude hor, laguntzeko prest, oso jatorrak dira, eta egia esanda, gauzak horrela egiten duen talde bat edukitzeak gauzak asko errazten ditu”.
Taldeak igoera lehen aukeran lortu izanak daukan garrantzia azpimarratu du entrenatzaileak: “Aukera asko eta oso garbiak eduki ditugu. Penaltia huts egin dugu. Bagenekien ahalko genuela. Hiru aukera genituen, eta ez dugu huts egin. Azkenerako lagatzea dramatikoa izango litzateke. Lehengotik egin dugu gure lana, eta oso pozik gaude”. Azken partida Aretxabaletaren kontra jokatuko dute Ondarroan: “Nahiko nuke herri osoa etortzea, gozatzea, kantatzea, denok elkarregaz egotea”, esan du aldageletara sartu aurretik, guztiz hunkituta.
“Izugarria izan da. Aurrera asko maite dut. Hamar urte daramatzat futbolean, eta hau benetako oparia da. Zuzendaritzagatik asko pozten naiz, izugarrizko lana egiten dute”.
Berria jakin orduko, bolandera hotsa handia izan da herrian. Herritarrek pozik hartu dute berria. Izan ere, aspalditik zain zeuden igoera izan da gaurkoa. Taldea azkenekoz, 1986-1987 denboraldian igo zen hirugarren mailara, eta 2006an mailaz jaitsi ostean, igoeragaz amesten egon dira zaleetako asko eta asko.
Taldea Ondarroara 20:30ean ailegatuko zela iragarrita egon da, eta ordurako portuko sarrerako biribilgunea eta inguruak zaleez bete dira. Denek ere, taldeari ongietorri beroa eman nahi izan die Oñatitik bueltan.
Aurrerako jokalariak igoera ospatzen
Luze zain egon ostean, autobusa agertu da portu inguruetara, eta han batuta zegoen jende andanak txalo artean hartu ditu jokalariak eta talde teknikoa. Jokalariek banan-banan irten dute autobusetik jarraitzaileen besarkada artean, eta behin talde guztia batuta herritarren aurrean ospakizun xumea egin dute.
Ospakizunek datorren maiatzaren 23an, Antxoa Egunean, jarraituko dute.
[nggallery ID=239]
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.