Azken lau urtetan “udal gobernuan egon den talde politikoaren gaitasun falta, kudeaketa falta, inbertsio falta eta garbitasun falta” agerian gelditu direla esan zuen Goitiak, domekan, maiatzak 10, udaletxe aurrean egindako agerraldian. “Danok ikusi dugu herria zelan dagoen, utzita, loiago, mantenimendu barik, herrirako proposamen barik, herritarren beharrizanari erantzuteko kapazidade barik, ganorazko ezer egin barik”, gaitzetsi zuen. “Argi geratu da Lekeitiogaz eta lekeitiarrekin daukaten konpromisoa hutsaren parekoa dela”, jarraitu du jeltzaleak, zeinaren esanetan, herriak aldaketa behar du, “ezin baita beste lau urtetan ilunpetan egon”.

Koldo Goitia, EAJren Lekeitioko alkategaia domekako agerraldian berbetan. Argazkia: EAJ
EAJ da, EAJren alkategaiaren esanetan, aldaketa dakarren alderdia: “Talde berri bat dakar. Freskotasuna, hurbiltasuna eta esperientzia dakar. Pertsona formatu eta apalez osatutako taldea dakar. Lekeitio berri bat egiteko ideia berriak ditugun pertsonak gara. Eta, batez ere, kriston ilusioa dugun pertsonak gara”.
Era berean, herritarren lehentasunak argi eta garbi zehazten dituen programa aurkeztu dutela nabarmendu du Goitiak. “Herriaren beharrizanei lotuta eta parte-hartzetik sortutako programa”. Jeltzaleak zehaztu duenez, 200 pertsona baino gehiagok parte hartu dute, eta 150 proposamen baino gehiago jaso ditugu. “Lekeitiorentzat etapa berri baten hasiera da lekeitiarren arazoak eta kezkak benetan konpontzeko sortua delako”.
Goitiak esan duenez, Lekeitioko lehentasuna ekonomia berpiztea da, merkataritza, turismoa eta itsasoari lotutako jarduerak bultzatuz; baina bai eta gizarte babeserako eta egoera txarrenean daudenentzako tresnak hobetu ere, edota hezkuntza eta kirol ekipamenduak hobetzeko inbertsio plan bat garatu eta gauzatu eta San Andres eta San Juan auzoak konpondu, besteak beste.
Ekintzen eta espeimentuen arteko aukeraketa
Leketioko alkatetzarako hautagaia, Unai Rementeria ahaldun nagusirako EAJ-PNV-ren hautagaiaz lagunduta egon zen mitinean. Bizkaiko ahaldungaiak EAJren eguneroko lana azpimarratu zuen, ideiekin, “proiektuekin eta ilusioarekin jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enpleguaren sorkuntza bultzatzeko”. Emaitzek, esan zuen Bizkaiko ahaldungaiak, izen-abizenak dituzte. “Ez dira hitzak, ekintzak baizik. Albiste onak dira gure lurraldearentzat”, azpimarratu zuen, azken astetan industrian izandako albisteak gogoan. “2.319 langabe gutxiago daude Bizkaian; Gestampek mundu mailako prestakuntza zentroa Boroan ezarriko du; TysenKruppek Ikerketa eta Garapen zentroa eraikiko du Zamudion; Alstomek instalazio berria eraikiko du Ortuellan; PCBk azken berri ona eman digu Sestaon instalazio berri batean inbertituko dituen 20 milioi horiekin eta Ezkerraldean eta Bizkaian sortuko dituen 200 lanpostu berriekin; eta Lointek-ek lantegi berria zabalduko du Bilboko Portuan”.
Albiste horiek guztiak ez direla hitzak soilik, ekintzak baizik, azpimarratu zuen Rementeriak . “Hauxe da hauteskunde hauetan erabakitzen duguna”, esan zuen. “EAJren lana eta emaitzak, Sestaoko PCBren 200 lanpostuak esaterako, edo besteen esperimentuak. Ez da esperimentuak egiteko unea. Kalitatezko enplegurako unea da. Suspertzea dago jokoan, geldialditik irtetea dago jokoan”.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldungaia eta Koldo Goitia Lekeitioko alkategaia, domekako mitinean. Argazkia: EAJ
Eusko Alderdi Jeltzalean inoiz baino indartsuago eta inoiz baino elkartuago daudela nabarmendu zuen Unai Rementeriak. “Eta politika, benetako politika, inoiz baino beharrezkoagoa da. Horregatik EAJk Bizkaiari aldaketa, ilusioa eta politika egiteko beste modu bat dakarren belaunaldi berria eskaintzen dio. Aldaketa gara. Pertsona gazteak gara, eskarmentu handikoak eta ilusioz betetakoak. Gogotsu gaude. Eta 0,0 politikako pertsonak gara. Zero irain eta zero joko zikin. Hori da eskaintzen duguna: lan asko, ideia onak eta herritarren zerbitzura dagoen lantalde ikaragarria”.