Urtez-urte indar gehiagogaz dator Lekittoko Kontzijope Rock, herriko Burrundada musika elkartearen eskutik antolatzen den musika jaialdia. Aurtengua bederatzigarren edizioa izan da eta Lekeitioko zein inguruetako taldeek giro ezin hobea jarri zuten zapatu gauean. Egitaraua zabaltzeko, 19:30ean, Nebbian bikote gernikarrak kontzertu akustikoa eskeini zuen Zulua tabernan.

Kontzijope Rock jaialdiko kontzertua. Argazkia: Eneko Zuberogoitia
23:00ak aldera hasi ziren kontzertuak, eta Didar, Pornox eta Zero talde lekeitiarrek argi erakutsi zuten Lekeitioko musika eszena bizirik dagoela eta oztopoen gainetik, gazteak ere gogotsu datozela. Energiaz eta amorruz beteriko kontzertuak eskaini zituzten talde lekeitiarrek, metala edo rocka bezalako estiloetatik gertu, kantu propioak eta zenbait bertsio tartekatuz. Lau P4 talde ondarrutarrak eman zion amaiera musika gauari.
Lokalaren falta
Kontzijope Rock aprobetxatu zuten Lekeitioko taldeek, entsegu-lokalen arazoa kaleratzeko: “Gogo faltarik ez dago, baina baliabide falta bai. Posible izanez gero ordu gehiago pasako genituzke entsegatzen, horrela kalitate hobeko kontzertuak eskeiniz. Lekitton badagoz taldeak aurrera egiteko gogotsu eta bultzada bat behar dugu, entsegatzeko kondizio egoki batzuk lortzea ezinbestekoa da aurrera egiteko”.
Buruhauste horren aurrean, alternatibak bilatu, mugitu eta antolatzeko konpromisoa adierazi du Burrundada elkarteak, aurrera egin ahal izateko ezinbestekotzat hartzen baitu arazoari bukaera esleitzea.