Ondarroako Udaleko Kirol Batzordeak antolatuta, aurreko barikuan [maiatzak 8] 2014 urteko kirol sariak banatu zituzten. Denetara, ohi den modura, lau sari eman ziren: urteko kirolaria emakumezkoa, urteko kirolaria gizonezkoa, urteko kirol taldea eta aipamen berezia.
Kofradia Zaharrean egindako ekitaldia iaz Kalamendira egindako kanpainaren irudiekin hasi zen. Kirol batzordekoen berben ostean, sariak banaketagaz hasi ziren.

Ezkerretik eskumara: Maite Badiola, Ager Solabarrieta, Jose Aranguena, Eladino Gonzalez, Ioana Osa eta Mikel Iriondo.
Sari banaketa emakumezkoen sariagaz hasi zen.
Koaxi Triatloi Taldeko Ioana Osak jaso zuen. Kirol munduan nahikoa berandu murgildu bazen ere (22 urtegaz), azken urteotan emaitza oso onak lortu ditu.
Gizonezkoetan saria Mikel Iriondo igerilariak jaso zuen. Ume-umetatik hasi zen Iriondo igerian, eta urte batzuetako geldialdia egin eta gero, 2013. urtean Getxo taldean hasi zen berriro igerian. Han emaitza oso onak lortu ditu, eta iaz esaterako, Munduko 4×100 metroko master errelebu libreetako errekorra lortu zuen Bildosola anaiekin eta Jokin Olabarrietagaz batera.
Urteko kirol taldearen saria
Aurrera Kirol Elkarteak jaso zuen. Elkarteak izan duen kirol ibilbide luze eta oparoa saritu nahi izan zituen kirol batzordeak emandako sariak. Azken urteotan, taldeak gehitzen ari dira; hainbat futbol taldeez gain, bi saskibaloi taldek ere osatzen dute elkartea.
Amaitzeko, Zaldupe udal zelaiaz hainbat urteetan arduratu den Jose Aranguenak jaso zuen aipamen berezia. Kirolaren inguruan ia 40 urtetan egindako “etengabeko beharragatik” jaso zuen saria.