Plazatik Gaztetxera XIV. txapelketa hasi da; aurreko asteburuan jokatu ziren lehen bi kanporaketak Soraluzen eta Mutrikun. Antolatzaileen iritziz, lehen zein bigarren kanporaketak “orekatuak” izan ziren.
Zapatuan [maiatzak 9] Mutrikuko Gaztetxean jokatu zen kanporaketa, ohi den modura, bertso afariarekin hasi zuten. 70 bat pertsona inguruk “giro onean” afaldu zuten bertsolariek alaitutako afarian, eta ondoren, Gaztetxea jendez bete egin zen lau bikoteen arteko norgehiagoka ikusteko.
Honako hauek parte hartu zuten: Imanol Uria Albizuri eta Imanol Lekunberri Aretxabaleta (Mutriku); Malen Amenabar LarraƱaga eta Eneko Arrate Sololuze (Markina-Xemein); Aitor Servier Etxetxuri eta Asier Galarza Garai (Muxika); eta Aratz Igartzabal Bidegain eta Gorka Maiz Alustiza.
Mutrikuko kanporaketan parte hartu zuten lau bikoteak. Argazkia: Plazatik Gaztetxera
Lau bikoteek maila ona erakutsi zuten oholtza gainean, eta antolatzaileen esanetan, ez zen umorerik falta izan. Arratek eta Lekunberrik koplatan egindakoa saioan, esaterako, aurrez pentsatutako kopla bat errepikatu zuten “bertso eta bertso artean publiko guztia kantuan jarriz”.
Behin saioa amaituta, guztiek egindako lanak puntuatzea tokatu zen. Antolatzaileek adierazi dutenez, ez zen lan erraza izan; izan ere, lau bikoteen artean puntu diferentzia txikia egon zen.
Bikoteen lan puntuagarriak kontuan hartuz, Maiz eta Igartzabal nagusitu ziren, eta publikoak berriz, Aretxabaleta eta Uria aukeratu zituen lehen bikotearekin batera saioko buruz-burukoa jokatzeko. Maiatzaren 29an Deban jokatuko den finalerdian parte hartzeko aukera izango dute Gabiriako Maizek eta Igartzabalek.