Ondarroako Udalak alarma gorria piztu du. Izan ere, azken egunotan txakur bat hil egin da; itxura guztien arabera, pozoituta. “Txakur jabe batek bere animalia pozoituta hil dela adierazi digu, hori dio behintzat albaitariak sinatutako orriak. Inguruko hainbat herrietan ere antzerako kasuak ezagutu dira, eta honen guztiaren aurrean, herritarrak, eta batez ere txakurrak dituztenak, egoegaz jabetzea nahi dugu. Denei ere kontuz ibiltzeko eskatu nahi diegu”, adierazi dute udal ordezkariek.
Udal ordezkarien esanetan, gaia “kezkagarria” bihurtzen ari da. “Animalientzako ez eze, herritarrentzako ere arriskutsua izan daiteke pozoia. Auskalo non dagoen, eta. Ez dakigu oraindik hildako txakurrak non jango zuen pozoina, baina hori guztia ikertzen ari gara. Guk dakigunez, udal langileek arratoiak edo antzerako izurriteekin akabatzeko pozoia erabiltzen dutenean ezkutuko tokietan botatzen dute, estoldetan, esaterako”.
Txakur bat harkaitzetan. Argazkia: wikifaunia
Era berean, neurriak lehenbailehen hartzea “beharrezkoa” dela nabarmendu dute, eta horretarako herritarren laguntza eskatu dute. “Norbaitek kalean zer edo zer arraroa ikusi edo sumatzen baldin badu, guri ohartaraztea da onena”. Horretarako, udaletxera (94-683 36 72 ) edo udaltzaingoetara (94-683 36 73) deitzea edo hurreratzea onena dela azpimarratu dute. “Abisua jaso bezain azkar, hori garbitzen ahaleginduko gara”.
Bien bitartean, txakurren jabeei euren animaliak lotuta eramateko gomendioa egin die udalak. “Txakurrak non dabiltzan eta kalean zer jaten duten kontrolatzea gomendatzen dugu, badaezpada. Txakurrari zer edo zer arraroa sumatuz gero, mesedez joan albaitariarengana”.