Giro ona eta saio orekatua ekarri ditu Mutrikura Plazatik Gaztetxerak
Puntu gutxiko aldearekin, irabazleak Gabiriako Aratz Igartzabal eta Gorka Maiz izan dira. Bertso txapelketak Mutrikuko Gaztetxea jendez bete du beste behin erePlazatik Gaztetxera XIV. txapelketako lehen bi kanporaketak jokatu dira jada. Bigarrena, aurr...
Puntu gutxiko aldearekin, irabazleak Gabiriako Aratz Igartzabal eta Gorka Maiz izan dira. Bertso txapelketak Mutrikuko Gaztetxea jendez bete du beste behin ere
Plazatik Gaztetxera XIV. txapelketako lehen bi kanporaketak jokatu dira jada. Bigarrena, aurreko zapatuan izan zen Mutrikuko Gaztetxean.Bertara hurbildutakoek gaua, ohi modura, «giro onean» egin zen bertso afariarekin hasi zuten. 70 bat pertsona inguruk afaldu zuten bertsolariek alaitutako afarian, eta ondoren, Gaztetxea jendez bete egin zen bertsolari gazteen arteko norgehiagoka ikusteko.
Honako bikote hauek parte hartu zuten bigarren kanporaketan, tartean, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko partaideek: Imanol Uria Albizuri eta Imanol Lekunberri Aretxabaleta mutrikuarra; Malen Amenabar Larrañaga eta Eneko Arrate Sololuze markina-xemeindarra; Aitor Servier Etxetxuri eta Asier Galarza Garai muxikarra; eta Aratz Igartzabal Bidegain eta Gorka Maiz Alustiza.
Orekatua eta umoretsua
Lau bikoteek maila ona erakutsi zuten oholtzaren gainean, eta antolatzaileen esanetan, ez zen umorerik falta izan. «Arratek eta Lekunberrik koplatan egindakoa saioan, esate baterako, aurrez pentsatutako kopla bat errepikatu zuten. Bertso eta bertso artean publiko guztia kantuan jarri zuten».
Antolatzaileen iritzian, Mutrikuko kanporaketa «nahikoa orekatua» izan zen, eta parte hartu zuten lau bikoteen arteko puntuaketa egitea ez zen batere «erraza» izan. Egia esan, lauren arteko puntu ezberdintasuna «oso txikia» izan zela nabarmendu dute.
Zuzenean, Debara
Bikoteen lan puntuagarriak kontutan hartuta, Gabiriako Aratz Igartzabal Bidegain eta Gorka Maiz Alustiza nagusi izan ziren; maiatzaren 29an Deban jokatuko den finalerdirako txartela zuzenean lortu zuten.
Publikoak aukeratuta, berriz, Imanol Lekunberri Aretxabaleta mutrikuarrak eta Imanol Uria Albizurik saioko azken buruz-burukoan irabazleekin aritzeko aukera izan zuten.
Azken bi kanporaketak datorren asteburuan jokatuko dira Eibarko eta Elgoibarko Gaztetxeetan, hurrenez hurren. Saioak 22:30ean hasiko dira, ohi bezala.