Jarrera homofobo, transfobo eta lesbofoboen aurrean lanean jarritzeko konpromisoa berretsi du Lekeitioko Udalak
Domekan, maiatzak 17, Homofobia, Lesbofobia eta Transfobiaren aurkako Eguna ospatzen dela eta, Lekeitioko Udalak, diskriminazio afektibo-sexualaren eta genero-identitatean oinarritutako diskriminazioaren aurkako borrokan duen konpromisoa berretsi nahi izan du. Zentzu horretan, berdintasun sailetik, dibertsitate sexuala eta genero identitate malguagoak lantzeko sentsibilizazio kanpainekin jarraituko dutela azpimarratu dute. Horretaz gainera, pertsona hauen gaineko indarkeriaren kontrako neurriak ere hartzen jarraituko dutela adierazi dute. “Uste orokorraren kontra, gure jendartean sexualitatea araututa dago: harreman heterosexuala, binarista eta estereotipatuak dira nagusi eta gainerako aukerak errudun gisa agerrarazten dira. Eta ez hori bakarrik, onargarritasun soziala, legitimitate morala eta legezko eskubideak galarazten zaizkie gainerako sexu praktikei eta identitateei. Udalaren zeregina da honen inguruan lan egitea”.
Horregatik guztiagatik, bere politiketan dibertsitate sexuala eta genero identitate malguagoen aldeko aurrerapausuak ematera konprometitu da Lekeitioko Udala. Udalaren kanpo iruditerian ere, printzipio hauek barne hartzen jarraituko dituela ere berritsi dute.