XV. Antxoa Egunak 'Miel mutu' omenduko du
XV. Antxoa Egunaren antolatzaileek jakitera eman dutenez, Miguel Beitia Ondarroan Miel mutu modura ezagunagoa denak jasoko du aurten Zilarrezko Antxoa preziatua. «Oso pertsonaia maitatua da herrian, eta guztiek ezagutzen dituzte haren inguruko hainbat...
Maiatzaren 23an egingo den Antxoa Egunean, beste behin ere, Ondarroan hain preziatua den antxoaren balioa lau haizetara zabaldu nahi dute. «Antxoaren enbaxadore bihurtu behar dugu ondarrutar guztiok», diote Antxoa Egunaren bultzatzaileek.
Jaia herrian «ondo errotuta» dagoela eta, antolatzaileek milaka pertsona batzea espero dute datorren astean. Berau prestatzen aritu diren eragileek eta laguntzaileek herritar guztiei eta ingurukoei bertan parte hartzeko gonbitea luzatu diete.
Portutik alde zaharrera
Hainbat ekimen plazaratuko ditu antxoaren inguruko jaiak. Eguna arrantzaleek antxoa porturatzen dutenean modura hasiko dute, hiru turrunegaz. Jarraian, ohi bezala, herriko hainbat elkarteren eta kuadrillen laguntzagaz prestaturiko milaka pintxo banatuko dira.
Denetara, ia tona bat antxoa banatutako dira zazpi eratara prestatuta: pla-pla erara, ozpin saltsan, tortillan, kroketa, pudina eta Ondarroako kontserbak dastatzeko aukera egongo da. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, gainera, pintxo gehienak momentuan bertan prestatuko dituzte antolakuntza lanetan arituko diren ia 150 lagunek.
Pintxoak dastatzeaz gain, arrantza mundua hurretik ezagutzeko aukera ere egongo da. Alde batetik, sare konpontzaileak sareak nola josten dituzten erakusten arituko dira, eta, bestetik, antxoa fabrika baten funtzionamendua kalera aterako da.
Bestalde, aurten, berritasun modura, txikienek arrantzan egiteko aukera izango dute. «Hainbat arrainegaz betetako igerileku bat ipiniko dugu, eta umeek arrantzan egiteko aukera izango dute, izkirak hartzeko gailuagaz».
Herriko beste altxorretako bat ere ez da faltako jaian: kantu herrikoiak. Musika Eskolako zein Kantaize Orfeoiko kideak kantuan ariko dira herriko hainbat tokitan. Eguerdiko ekimenak Boga-Boga herriko kantarik maitatuena herritarrekin batera abesten agurtuko dituzte.
Eguna, aldiz, Aurrera 3. mailara igo dela ospatzen amaituko dute.