‘Pozik’ agertu dira Aittitta Txikikoak. Euriaren mehatxupean ospatu dute jaia, baina eguraldiak eutsi, eta prestatuta zeuzkaten ekintza guztiak burutu dituzte. Gainera, parte hartzea handia izan da. Horren erakusgarri da esate baterako, 200 lagunetik gora batu zirela bariku gauean bertso saioa entzuteko, ia Ikusgarri osoa betez. Asteburu borobila izan dute.

Pantxix Bidart eta Gonzalo Etxebarria ikastetxeetako umeekin Barandiaranen. Argazkia: Aittitta Txiki
Pantxix Bidart eta Gonzalo Etxebarriagaz sormena landu zuten barikuan, Lekeitioko umeek, eta Etxebarriaren zuzeneko margoak txundituta utzi zituen ikusleak. Baigorriko Arrola eta Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeen ikuskizunak ere ikusle asko batu zituzten zapatuan eta dantza eta dantza ibili ziren plazan Mixel Etxekoparreren euskal dantza ikastaroarekin. “Umeek ondo pasatu zuten, eta marrazki ibilaldi aktiboan egiteko ere 20 lagun batu ziren”, azaldu dute Aittitta Txikikoek.
Eguraldiaren beldurrez agian, azokan, beste urteetan baino jende gutxiago batu da aurten. Hala ere, inoiz baino geiago saldu dute postuetan, eta beraz, joan direnak, erosteko asmoz hurreratu ziren Independentzia plazako azoka eremura. “Salmentak onak izan dira, eta beraz, horrek jendea gustora etortzea dakar”.
Gisau Txapelketan ere norgehiagoka handitzen doa. 23 kazola aurkeztu zituzten atzo, herriko koadrilla eta tabernek txapelketara, baina aurten sari nagusia Dzunba-Dzunbarentzat izan da. Puntu bakarreko aldea atera zioten irabazleek bigarren gisau onenari, Txatok egindakoari. Hirugarrenak, berriz, Zaletxuak izan ziren.

Jendea dantzan Mixel Etxekoparrek emandako euskal dantza ikastaroan. Argazkia: Aittitta Txiki
Bestalde, iparraldeko jende askogaz harremana estutzeko aukera ere eman du 15. jaiak, eta aurrerapauso handia eman dutela horretan nabarmendu dute antolatzaileek. Parte hartzera etorri diren iparraldeko talde eta ekoizleez gain, jendea gehiago ere egon da Lekeition asteburuan, Iparralde Haizeak ezagutzeko asmoz. Baionako koadrila bate ere egon zen ezkondu aurreko agur festa ospatzen. Beraz, iparraldean ere, izena hartzen eta ezagutzen doa jaia.
Lan asko egin dadute ere, emaitzagaz ‘gustura’ daude Aittitta Txikikoak, eta jada hurrengoari, 16.ari begira hasi direla aitatu dute.
[nggallery ID=241]