Zegama-Aizkorri XIV. mendi maratoi ezagunean hirugarren helmugaratu da
Oihana Kortazar mutrikuarra; aurretik Azahara Garcia eta Paula Cabreiro izan zituen. 42,195 kilometroko luzera eta 5.472 metroko desnibel metatua duen lasterketa burutzeko lau ordu, 44 minutu eta 57 segundo behar izan zituen.

Oihana Kortazar, mendian gora. Argazkia: Goierriko Hitza
Hasierako metroetatik azkeneraino, lehia estua egon zen, eta Kortazarrek nabarmendu duenez, parte hartzaileen artean maila altua egon zen. Mutrikuarraren iritziz, aurten hirugarren postua lortzea “luxua” izan zen. “Lasterketa hau niretzat oso berezia da, eta bertan parte hartu ahal izatea, luxua izan da. Gero eta maila hobeagoko jendea dago, eta pozik nago lortutako emaitzarekin. Aurretik joan zirenek erritmo oso bizia ipini zuten, eta hura eusten aritu ginen lasterketa osoan. Zortea dut lehen hiru onenen artean egoteko aukera izan dudalako. Izan ere, aurten maila oneko korrikalariek parte hartu dute”.
Erritmo bizia dela eta, gainera, marka hobetzea lortu zuen mutrikuarrak. Hala ere, ez zuen lasterketa irabazi. “Orain urte batzuk irabazi nuenean, esaterako, atzokoa baino marka txarragoa egin nuen. Beste urte batzuetan nik atzo egindako markarekin irabazi ere egin dute”.
Helburu nagusia: puntuatzea
Lasterketan postu ona lortzea “berebizikoa” zen Kortazarrentzat. “Nire helburua Munduko koparako puntuatzea zen, eta lortu dut. Lasterketa hau prestatzen luze aritu naiz, eta brontzea irabaztea itzela izan da”.

Zegama Aizkorri, podiuma. Argazkia: Goiherriko Hitza
Hirugarren amaitu baldin bazuen ere, lehen postuan hasi zuen lasterketa. Aizkorri arteko tartea lehen joan zen, baina 22. kilometroan erorikoa izan zuen, eta atzetik zituen biek aurrea hartu zien. “Erori eta min hartu nuen, eta aurretik nuen erritmoa eta lehen postua galdu egin nituen. Lehen postuan sartzea zail ikusten banuen ere, nire helburua hirugarren postuan sartzea bihurtu zen, eta lasterketa amaitu arte horri eutsi nion”.
Lasterketari dagokionez, azken kilometroak egitea “oso gogorra” suertatu zitzaion. “Azken 12 kilometroak oso gogorrak eta gorabeheratsuak izan ziren, alda gora eta behera askorekin”.