Mikel Ansotegi Jaio Lea Ibarra Mankomunitateko lehendakaria da gaur egun. Iker Belaustegi Munitibarko alkate ohiak (EAJ) mankomunitateko lehendakari izan eta gero, Ansotegi sartu zen. Beste lau urtez errepikatzeko gogotsu dago aulestiarra.
Azken lau urteen zer nolako balorazioa egiten duzue?
Mikel Ansotegi EH Bilduren hautagai aulestiarra.
Balorazioa orokorrean ona da. Krisi garaian gaude eta ikusteko errazenak diren obrak ez dira hainbestekoak izan. Baina garrantzitsuena beteten da ordea, herritarrei zerbitzuak eskaintzea. Horretarako sortzen dira mankomunitateak eta helburu horrek finantziazioa jeitsi arren, ondo bete ditugu.
Zeintzuk izan dira lau urte hauetan zuen lan ildo nagusiak?
Mankomunazgoaren kasuan, lan ildo nagusiak, garapena, zabor biltzea eta ongizatea dira. Garapenari dagokionez, Okamikako administrazio kontseiluan parte hartzen da. Baita ere Azaro Fundazioan; hor Legamin ekintzaileei enpresak sortzen laguntzeko erabilgarri egoten diren pabilioiak daude. Beti ere, proiektu bideragarri bat aurkeztuz gero, argia, ura eta telefonoa ordaintzearen truke. Kontuan izan behar dira Lea ibilbidea eta Bengola ere, pisu handia daukate eskualdera turismo jasangarria ekarteko orduan eta gure eskualdea ezagutzera emateko. Garapenari dagokionez, beharra sortzea eta turismo jasangarria dira gure helburu nagusiak.
Zabor kudeaketa zerbitzua ere Lea Ibarrako mankomunazgotik egiten da (Lea Ibarreko herrietan). Hemen, helburu nagusia birziklatze tasa igotzea izan da, bost herriak elkarregaz lan eginez. Pausoak eman ditugu horretara heltzeko: autokonposta, auzokonposta, honetarako formazioa, birziklapen
kitak banatu… Eta oraindik ere pausoak ematen jarraitu beharra dago, birziklapenari, berrerabilpenari eta zabor gutxiago sortzeari dagokionez.
Ongizatean, zerbitzua mantendu eta indartu egin dugu. Krisi garaian, administrazioa estuago dabilen arren, herritarrak are eta larriago daude. Hori dela eta, ongizateko onuradunentzako zerbitzua mantentzeaz gain, indartu ere egin dugu; diru partida gehitu egin dugu. Genero, berdintasunean da, Lea Ibarrako lehen bardintasun plana egin da eta aukera berdintasunari dagokionez, hainbat ekintza aurrera eraman dira.
Mikel Ansotegi: “Krisi garaian, administrazioa estuago dabilen arren, herritarrak are eta larriago daude. Hori dela eta, ongizateko onuradunentzako zerbitzua mantentzeaz gain, indartu ere egin dugu”
Eta datozen urteetan zeintzuk izango dira?
Ildoak bardintsuak izan behar dabe. Garrantzitsuena, eskualdeko bizilagunon ongizatea bermatzea da, horretarako behar diren medio guztiak jarriz. Hemen sartzen dira etxez etxeko zerbitzua, laguntza sozioedukatibo eta psikosoziala, berdintasun ekintzak…
Garapena ere ezinbestekoa da, batez ere beharra sortzeari dagokionez, nahiz eta gure eskualdea Bizkaia guztian ondoen egon langabezi tasari dagokionez. Gurean, aurretik aipatu dudan moduan, hainbat bitarteko daude ekintzaileak laguntzeko eta honek ezagutzera eman behar ditugu. Turismoari dagokionez, Lea Ibilbidearen potentziala aprobetxatu behar dugu, horren inguruan natur turismoa bultzatuz, mendiak, beste ibilbide batzuk… ezagutara emanez. Bengolari ere ahal den bultzada handiena eman behar diogu. Orokorrean, ondo legoke turismorako ditugun medio naturalak eta azpiegiturak aztertu eta horiei probetxu gehiago aterateko plan estrategiko bat prestatzea ere.
Zaborbiltze zerbitzua ere, ongizatearen atzetik, mankomunitateko zerbitzu garrantzitsuena da. Hau publikoa izaten jarraitzea da helburu garrantzitsuetako bat.
Gizarte zerbitzuetan, zeintzuk zerbitzu eskeintzen dituzue?
Garrantzitsuena jendeari laguntzeko gaudela esatea da, zerbitzu oso ona eskaintzen dugula eta jendeak beldur barik, lotsa barik, hurreratu behar duela gure zerbitzuak eskatzera premia dagoenean, edonori tokatu dakioke egoera zail honek bizitzea, beharbada, norberari biharko egunean. Premia dagoenean, laguntza eskatzen ere jakin egin behar dugu. Hona hemen zerbitzu batzuk: etxez etxeko laguntza zerbitzua, laguntza sozioedukatibo eta psikosoziala, berdintasun plana egin eta berdintasun ekintzak burutu, beharginak berdintasun arloan formau, abokatua eskaini egoera famili eta emakumeek aholkularitza izateko, etxebizitza laguntza osagarria eta gizarte larrialdietarako laguntzak…
Hurrengo agintaldirako zer dago hobetzeko/osatzeko/aldatzeko?
Zerbitzuek, orokorrean, ondo funtzionetzen dute, beraz, aldaketak ondo aztertuta egingo ditugu, eta zelan ez, hoberako. EH Bildu bezala, bai gustatuko litzaiguke, ongizate zerbitzuan dauden zerbitzu nagusiak modu zuzenean kudeatzea, orain azpikontratatuta daude eta. Beste erronka nagusien artean, orain lau urte aukera berdintasunari emandako indarrarekin jarraitzea da, ekintza desberdinak burutuz eta hau gizarteratuz. Larrialdietarako etxebizitza bat martxan jartzea ere egitekoen artean daukagu, norbaiteri etxea erre zaiola, norbaitek tratu txarregatik etxetik urten beharra daukala… Ea erabili beharrik ez dagoen, baina erabilgarri egon behar du!
Ansotegi: “Zerbitzuek, orokorrean, ondo funtzionetzen dute, beraz, aldaketak ondo aztertuta egingo ditugu, eta zelan ez, hoberako. EH Bildu bezala, bai gustatuko litzaiguke, ongizate zerbitzuan dauden zerbitzu nagusiak modu zuzenean kudeatzea, orain azpikontratatuta daude eta”
Zergatik EH Bildu bai eta ez beste alderdi bat?
Batik bat, proiektu amankomun honetan sinisten dugulako! Herrientzako onena lortzeko eta zerbitzuak, modu zuzenean kudeatzeko. Lea Ibarrako Mankomunazgoan, zaborbiltzea modu zuzenean egiten da, geure beharginekin, horrek zerbitzua merketzen du. Ongizateko zerbitzuak ere, modu horretan kudeatu nahi ditugu.
Horrez gain, guk aintzinako erara funtzionatu nahi dugu mankomunitatean. Mankomunazgoak, eskulderako onena topau behar du, alderdikeriak albo batera itxita… Lehendakaritza ere, aintzinako eran, herriz herri txandakatzea nahi genduke, alderdi bakoitzak bere ordezkaria aurkeztu eta politizatu beharrean.