Jokalariak orain dela bi asteko jardunaldiaren ostean
Aurreko asteburuko partida irabazi ostean lortu zuten matematikoki igoera ziurtatzea. Hain zuzen ere, 2-3 irabazi zion zapatuan Larrabetzuko Uritarra futbol taldeari.
2014-2015 denboraldiko azken jardunaldia zapatu arratsaldean lehiatuko du etxean, Bilboko Begoña taldearen kontra. 18:00etan hasiko da bi taldeen arteko neurketa.
Xabi Erkiaga taldeko entrenatzailearen berbetan, “espero genuena baino askoz hobeto joan da denboraldia” . Izan ere, aurreko denboraldietan jaitsiera postuak sahiesteko ahaleginetan ibili da taldea, eta aurten, berriz, gorengo postuetan mantendu da denboraldi osoan zehar: “igoera ez zen gure helburua, baina, jardunaldi asko egin ditugu lehenengo postuan”.
Entrenatzaileak dioenez, “gauza txiki askok” egin dute posible igoera. Besteak beste, gazte mailatik lehenengo taldera jokatzen etorri diren jokalarien ekarpenak edota kanpotik taldera etorri direnenak eta beste jokalari batzuk heldutasunera heltzeak taldea maila onean egotea eragin dutela uste du.
“Urte guztian dinamika oso ona eraman dugu, eta partidu garrantzitsuetan ez dugu hutsik egin; gorengo postuetan zeuden taldeen kontra maila ona eman, eta haiei irabaztea lortu dugu”, zehaztu du entrenatzaileak. Halaber, zuzendaritzaren, lan talde teknikoaren eta ezkutuko lan isila egiten duten guztien lana goraipatu du.
Aurretik pare bat aldiz egon da Lekeitio futbol taldea Ohorezko mailan. Azken aldiz, 2007-2008 denboraldian lehiatu zen, eta amaitzean jaitsi zen Eskualdeko Gorengo mailara.
Datorren denboraldian ere maila ona emanez, “ondo konpetitzea” espero du Erkiagak.
Argazkilaria: Lekeitio futbol faldea