Hainbat astetan kanporaketak jokatu eta gero, zapatuan [maiatzak 23] jokatu dira Miruaitz frontoian Mutrikuko Piker oroimenezko VI. Pala Txapelketa herrikoiko finalak.
Danok Bat Pelotazale Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, oraindik ez dakite finala noiz jokatuko duten. “Eguraldiaren arabera, goizean edo arratsaldean egingo ditugu finalak. Tronboi topaketak egitekoak dira egun berean, eta eguraldi txarra baldin badago kontzertua frontoian egin beharko dela jakinarazi digute. Eguraldi txarra baldin badago, horrenbestez, arratsaldean jokatuko ditugu partidak”.
Erabakiaren berri bihar [maiatzak 22] izango dute, eguraldiaren iragarpen zehatzagoa dutenean. Hala ere, goizeko zein arratsaldeko ordutegiak jarrita dituzte. Eguraldi ona badago 10:30ean hasiko dira finalak, eta txarra badago 17:00etan.
Partida lehiatuak
Danok Bat Pelotazale elkarteak antolatutako txapelketa otsailaren bukaeran hasi zen, eta orduz geroztik hainbat kanporaketa jokatu dituzte bertan parte harte duten 11 bikoteek. Aurten nahikoa bikote orekatuak osatu dituzte, eta finalera heldu direnek aurretik ez dituzte lanak errez eduki. “Bikoteak sortzerako orduan asmatu dugula uste dugu. Oro har, bikoteak ondo moldatu dira, eta txapelketa guztian giro ederra egon da. Partida oso lehiatuak eta interesgarriak ikusteko aukera egon da”.
2014 urteko Piker txapelketako finalak. Argazkia: Danok Bat
Hirugarren postuko norgehiagoka jokatzen hasiko dira lehenengo. Joxemik eta Ametzak osatutako bikoteak Manzisidorren eta Illarraren aurka jokatuko dute 25 tantora izango den lehen finala. Kanporaketetan Manzisidorrek eta Illarrak galdu egin zuten Joxemiren eta Ametzaren aurka, eta etziko partidan errebantxa hartzeko asmorarekin aterako dira kantxara.
Hirugarren postua erabaki ondoren, txapelketako bikote irabazlea zein izango den erabakiko da. Igor eta Ibon txapelketako faboritoak Xabi Garalde eta Xabi Eizagirre mendean hartzen saiatuko dira 30 tantora jokatuko den partidan. Igorrek orain arte jokatu diren bost txapelketatik lau irabazi ditu, eta txapelketa irabazteko faborito badira ere, txapela lortzeko lehia ez da batere erraza izango.