Legion Condor-ek eragindako Gernikaren suntsipenaren inguruko jardunaldiak Lekeition
Legion Condor-ek eragindako Gernikaren suntsipenaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu Lekeitioko Udalak Baskale Elkartearen laguntzagaz. Jardunaldiak maiatzaren 28an izango dute hasiera.
Hasiera gisa, Baskale elkartekoek Legión Condor, pasado y presente de un crimen de guerra dokumentala proiektatuko dute Kultur Etxeko Azkue aretoan, 19:00etan.
Ondoren, Legión Condor-ek eragindako Gernikaren suntsipena erakusketa inauguratuko da Barandiaran Aretoan. Mechthild Dortmund eta Hubert Brieden historialari alemaniarrek egindako ikerketa azaltzen da eta hutsune historikoak betetzea izan da erakusketa ekoiztu dutenen asmoa, Baskale eta Lau Haizeetara Gogoan elkarteak, besteak beste. “Euskal herritarren gomutan, Kondor Legioa Gernikako bonbardatzeari loturik agertzen da ezinbestean, baina Briedenek eta Mechthildek egindako lanak erakusten du horren erroak askoz luze eta sakonagoak direla eta batzuk gaur arte iristen direla”, adierazi dute antolatzaileek.
Nazien aireko indarren gehiegikerien inguruko erakusketa hau, Alemaniako zenbait hiritan egon zen ikusgai eta Euskal Herriko beste hainbestetan ere egon da. Zapatu domeketan ikusi ahalko da, maiatzaren 30etik ekainaren 14ra bitartean, goizetan 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldetan 18:00etatik 21:00etara.
Xabier Irujoren hitzaldia
Jardunaldiok amaitzeko, maiatzaren 30ean, zapatua, Renoko Unibertsitateko (Nevada) Xabier Irujok hitzaldia emango du, Hego Euskal Herriko 37ko bonbardaketei buruzkoa. Iñaki Goiogana historialariak aurkeztuko du Xabier Irujo eta hitzaldia amaituta galderak egiteko aukera egongo da.
Xabier Irujok urteak daramatza mundu zabaleko artxiboetan ikertzen Gernikako bonbardaketa. Horren lekuko da El Gernika de Richthofen: un ensayo de bombardeo de terror liburua. Lan hau burutzeko, orain arte inork gutxi edo bat ere ez azterturiko milaka agiri analizatu ditu Europa, Espainia, Euskal Herria eta Estatu Batuetako agiritegietan. “Esan daiteke, gezurrik esan gabe, Gernikako bonbardaketaren gainean egungo aditurik handiena dela”, aitatu dute antolatzaileek. Momentu honetan, gainera, 1936ko gerran Hego Euskal Herrian izan ziren bonbardaketa guztien zerrenda eta zehaztasunak jasotzen dabil, Eusko Jaurlaritzak egindako eskariz.