Amoroto: Ziortza Ikaran izango da alkatea, sorpresarik gabe
Ziortza Ikaran Zugazaga izango da Amorotoko alkatea datozen lau urteotan, zortzi urtez agintean egon den Rafa Malasetxebarriari lekukoa hartuta. Amorotarrek hartutako erabakia berretsi besterik ez dute egin atzoko hauteskundeek, zerrendak aukeratuta zeuden eta.
Udalean estreinako sartzen direnekin batera, aurreko legealdian edo aurreragokoetan egondakoak daude herri kandidaturan, tartean, Ziortza Ikaran bera. «Herri kandidaturagaz ziurtatu egiten da sartzen diren guztiak ez direla berrien berri sartzen. Beti egongo da aurretik udalean egondako jendea, berriekin batera lan egiteko prest».
Lanagaz jarraitzea asmo
Ikaran zinegotzi egon da azken lau urteotan, eta udalak esku artean daukan lanagaz jarraitu eta sortu ahal diren arazoei erantzutea du erronka. Udalean sartzen direnean, beraz, badakite zerekin egingo duten topo: lokalen arazoagaz, adibidez. «Herrian lokal gutxi dauzkagu, eta hori bada, dudarik barik, udalaren erronketako bat», adierazi du alkate hautatu berriak.