Mikel Ansotegi beste lau urtez izango da Aulestiko alkate. 291 botoko babesa eman diote herritarrek EH Bilduk aurkeztutako hautagaiei, orain dela lau urteko boto kopuru bardin-bardina. EAJk 102 boto jaso ditu, azken udal hauteskundeetan baino 51 gutxiago.
Emaitza horiekin, udaleko ordezkari kopurua mantendu egingo dute alderdi biek: EH Bilduk 5 izango ditu, eta EAJk bi. Hamar boto gehiago beharko zituen EH Bilduk seigarren zinegotzia izateko.
Aulestiarrak botoa ematen.
Honela geratuko da, beraz, udal osaketa: Bildutik Mikel Ansotegi, Oibar Legarra, Asier Galdos, Janire Omar eta Jon Solozabal eta EAJtik Kontxi Artaetxebarria eta Hiart Urizar.
«Konfiantzaz eta indarrez»
Mikel Ansotegi «oso pozik» azaldu zen atzo boto kontaketa amaitu berritan. «Herriak horrelako babesa emanda, konfiantzaz eta indar handiagaz jarraituko dugu udalean», esan du. Babes hori azken lau urteotan gauzak ondo egin izanaren isla dela gaineratu du. Aurrerantzean ere «herriaren onerako lanean gogotsu» jarraituko du taldeak, Ansotegiren arabera.
Parte hartzea, behera
EAJko ordezkariek azaldu dutenez, «esperotako emaitza» izan da. «Azken momentuan hautagaitza aurkeztu eta kitto egin beharrean, egunero egin behar da lana, herritarrak informatzen eta abarretan».
546 lagunek eduki dute botorako eskubidea Aulestin, eta 410 izan dira udal hauteskundeetan botoa eman dutenak, hautes-erroldaren %75,09. Orain dela lau urte 455 pertsona joan ziren bozkatzera, %81,25. Azken udal hauteskundeetako datuekin alderatuta, sei puntu jaitsi da, beraz, parte hartzea Aulestin.