338 bozka lortu ditu Bilduk; eta, horrenbestez, sei zinegotzi; EAJk 214 boto eskuratu ditu, eta hiru zinegotzi edukiko ditu legealdi berrian.

Jon Arriola (EH Bildu), Berriatuko alkate izango dena.
Herri plataformak ez aurkezteko erabakia hartu zuelarik erabaki zuen Bilduk Berriatuan hautagaitza aurkeztea. Jon Arriola Bilduren alkategaiak emaitza onak lortzeko itxaropena zeukan, eta onak izan direla uste du. Gainera, Bilduk Berriatuan inoizko lorpenik handiena eskuratu duela adierazi du.
Boto zuririk apenas egon izan da Berriatuan udal hauteskundeetan. Oraingoan, ostera, 25 boto zuri egon dira, eta datu hori herri plataforma falta delako izan da, Arriolaren ustez. «Jende batek era hori hartu du herri plataforma aurkeztu ez izana kritikatzeko. Baina, azken baten, gu geu herri plataforma aurkeztu ez delako aurkeztu gara».
Herri plataformaren bidetik
Jon Arriola izango da, hortaz, Berriatuko alkatea hurrengo lau urteotan. Aurretik ez da zinegotzia izan, eta gainontzeko bostak ere ez, baina nabarmendu du herrigintzan jardun izan dutela beti hautagaiek. Argi dauka Arriolak aurrera begira zer egin behar den. «Herri plataformak egindako lanagaz jarraitzeko asmoagaz sartuko gara udalean. Herri guztiarentzako lan egitea da nahia, herri plataformak egiten zuen legez. Bilduren gobernuak edukiko ditu bere ekarpen propioak, jakina, baina, aurrekoen lana geure egiten dugu, aurretik egin izan dugun legez».
Beste lehiakideak, EAJk, nabarmen egin du gora aurreko legealditik hona. 89 boto lortu zituen aurreko hitzorduan, eta oraingoan, ostera, 214. Hortaz, aurrekoan baino 125 boto gehiago lortu ditu, eta zinegotzi bakarra edukitzetik hiru edukitzera pasa da.