Azken zortzi urteotan Mutrikuko Berdeak Independenteak alderdiko zinegotzia izan da Iñigo Agirre Arrieta (Eibar, 1970). Azken hauteskundeetan udalean izan duten zinegotzi bakarra berretsi du taldeak, eta orain alkatetza erabakitzeko garaian giltzarri izan da taldea.
Berdeak Independenteak koalizioak zinegotzia mantentzea lortu du Mutrikun. Horren inguruko zer irakurketa egiten duzue?
Gure apustua beti udalean egotea izan da, eta zentzu horretan, pozik gaude. Mutrikuko herritarrek beste lau urtean jarraitzeko aukera eman digute, eta lan horretan ilusio eta gogo guztiarekin ariko gara.
335 herritarren babesa (botoen %13,01) jaso duzue. Bigarren zinegotzia lortzeko hurbil egon zarete?
Gutxigatik, baina ez dugu bigarrenik lortu. Bigarren zinegotzia ez dugulako lortu, pixka bat penatuta gaude, baina gure lehentasuna udaletxean egotea zen, eta hori lortu dugu. Eskerrak eman behar diegu botoa eman diguten 335 herritarrei. Guretzako boto guztiek dute garrantzia, ez zinegotzia bermatzen diguten botoak bakarrik. Guretzako lehen bototik azkenera arte denak dira garrantzitsuak. Herritar horien guztien konfiantza jaso dugu, eta orain gure borondate guztia ipiniko dugu ardura hori ahal dugunik ondoen kudeatzeko.
Aurreko hauteskundeetan beherakada nabarmena izan alderdiak, baina oraingo honetan botoak berreskuratu dituzue; beste 93 boto gehiago jaso dituzue. Nola hartu duzue berria?
Berri hori oso pozgarria da guretzat. Orain dela lau urte, beherakada nabarmena igarri genuen, baina orain berriro herritarren konfiantza piztu egin da. Hori jakitea oso pozgarria da guretzat. Herritar horien guztien nahiari ezin diogu hutsik egin, eta aurrerantzean ere ildo horretan lanean jarraituko dugu. Ilusio hori mantendu nahiko genuke, behintzat.
Itxura guztien arabera, Mutrikuko alkatetza erabakitzea zuen esku geratzen da. Horren giltza zuek izango zenutela uste al zenuten?
Aurreikuspenen arabera, ez genuen uste Mutrikun horrelako egoera bat emango zenik. Egoera garrantzitsu batean gaudela jabetzen gara, eta horren aurrean benetan zentzuz eta tentu handiz jokatu beharko dugu. Hori gogoan edukita, gure helburu nagusia herriaren onerako izan ahal den erabakia aproposena hartzea izango da gure lana.
Ardura handia tokatu zaizue.
Lortu ditugun emaitzengatik oso pozik gaude, baina jabetzen gara egoera ez dela batere erraza.
Taldekideon artean ezer erabakita daukazue?
Ezer ez daukagu pentsatuta. Ardura oso garrantzitsua daukagu esku artean, eta ardura hori ahal dugun ondoen kudeatu beharko dugu. Denon artean erabaki ona eta baterakorra lortu beharko dugu. Hemendik aurrera, alderdi bakoitzak nondik nora egiten duen ikusi beharko dugu, eta horren arabera hartuko dugu azken erabakia. Azkenean, bakoitzak bere kartak jokatu beharko ditu.
Alderdikeriak alde batera utzita, bataren edo bestearen alde egiterako orduan, zerbait bereziki izango duzue kontutan?
Gure ardatza gure programa izan da, eta horrek pisu handia izango du. Bi alderdiak nahiko jabetuta daude orain zortzi urte sortu ginenetik nondik nora joan garen, eta osagai guzti horiek kontutan edukita, ikusi beharko da zer ematen duten egun hauek.