Lekeitioko Galarrenako X. Pala Txapelketa inoizko egitarau zabalenagaz dator
Aurten egitarau berezia antolatu du Lekeitioko Galarrena Elkarteak urtero egin ohi duen Pala Txapelketarako. Izan ere, hamar urte pasatu dira lehenengo pala txapelketa antolatu zutenetik, eta hori ospatzeko zer edo zer berezia egitea dute helburu. Bide batez gainera, Galarrenaren egoera kaleratuko dute. “Euskal Herriko beste hainbat herriko tabernagaz batera, Galarrena Audientzi Nazionalaren mehatxupean dago; edozein momentutan zarratua izateko arriskuan. Eta horren aurrean be, Galarrena bizi-bizirik eta indarrez dagoela erakutsi nahi dugu”, azaldu dute.
Horregatik, ekainaren hasieran hasita uztailaren 25era arte egitarau zabala egongo da. Egitarau horren ardatz nagusia Pala Txapelketa izango da, eta deia luzatu diete herritar guztiei bertan parte hartzera animatzeko. “Parte hartzeko gogoa izatea da premisa bakarra”, diote. Izan ere, bikoteak adin guztietakoak izan daitezke, mistoak ala ez, eta edozein mailatakoak. “Denontzako dago lekua eta, beraz, izena eman nahi duena, oraindik denboraz dabil. Maiatzaren 31ra arte apuntatu ahal da Galarrenan”.
Txapelketa horregaz batera, baina, beste ekimen batzuk ere prestatu dituzte: Kontzertua, Bideoforuma, eta kirolari ezagunen hitzaldia. Eta egitarauari amaiera emateko, uztailaren 25ean Pala Txapelketaren finala eta afaria egongo dira. “Ea aurten be jende piloa batu eta ondo-ondo pasatzen dogun”.
Bestalde, ekainaren 6an eta 7an Galarrena LIBRE lelopean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute. “Galarrena herritarrona da, Lekittoko ezkertiar eta abertzaleona, eta ez diogu inongo epaitegi faxistei ez dagokien lekuan eskurik sartzen utziko. X. Pala Txapelketa da hau, hamar urte herrian ekarpen xumea egiten, hamar urte ilusioz beteta herritik herriari bizitasuna ematen. Eta zelan ez, beste hamar urte, gutxienez, bide berean segitzeko prest! Ez dago gu geldituko gaituenik! Astindu palak!”.
Azkenik, Galarrena Elkartekoak, galdu berri duten lagun bat ere gogoan izan dute. “Aurten bihotza triste daukagu; urte hauetan txapelketa honetan parte hartu duen eta Galarrenara mugimendua eta alaitasuna ekarri dituen laguna joan zaigu. Txiki, maitxe zaittugu!”, azpimarratu dute.