Bi astez ospakizunetan egon eta gero, zapatuan [maiatzak 23] eman zituen azkenak Ondarroako Gaztetxearen 13+12 urteurren jaiak.
Gazte Asanbladako kideak pozik agertu dira. Izan ere, herriko taldeen kontzertuek jende asko erakarri zuten Gaztetxera. “Inoizkorik jenderik gehien batu zen kontzertuetan. Gaztetxea jendez bete-bete egin zen. Antolakuntza aldetik zein bertara hurreratu ziren guztiak gustura geratu ginen”.
Maratoian parte hartu zuen taldeetako bat kontzertuan. Argazkia: Asier Rivera
17:30ean hasi eta goizaldeko ordu txikiak arte etengabeko musika maratoiagaz gozatzeko aukera egon zen. Arratsaldeko lehen orduak musika lasaia eskaintzen duten talde eta bakarkalariekin hasi zuten, eta orduak aurrera joan ahala, erritmo biziagoetako taldeek ordezkatu zituzten oholtza gainean.
Azkenean, uste baino gehiago luzatu ziren kontzertuak. 04:00ak inguruan amaitu zuen kontzertua azken taldeak. “Hasiera batean talde bakoitzagaz zehaztuta genuen ordutegia luzatu egin behar izan genuen ordubetera. Bestelakoan, aldaketak egin eta musika tresnak prest jartzeko astirik gabe geratzen ziren”.
Bestalde, zapatuan ipinitako ogitarteko postuak ere arrakasta izan zuela azpimarratu dute. “Modu horretara, kontzertuak ikusten zeudenek bertatik mugitu beharrik ez zuten eduki”.
Jende asko batu zen kontzertuetan. Argazkia: Asier Rivera
Zapatuko kontzertuez gain, aurreko egunetan ere hainbat ekimen egin zituzten. Barikuan [maiatzak 22], esaterako, mahaingurua eta gaueko mendi irteera egin zituzten.
Gaztetxearen 25. urteko ibilbideari buruzko mahainguruan jende askok parte hartu zuen. Antolatzaileen iritziz, gaur egungo eta lehengo asanbladako kideek “elkarren artean sakon berba egin eta hausnatzeko” aukera izan zuten. “Belaunaldi ezberdinetako jendearen artean esperientziak partekatzea polita izan zen. Lehengo kideen aldetik gomendio asko jasotzeko aukera ere eman zigun mahainguruak”.
Gaueko mendi bueltan, ostera, eskuargiak hartu eta 24 kilometroko ibilaldia egin zuten dozena bat lagunek. Denak ere gustura ibili ziren esperientzia berriagaz gozatzen. Gaztetxetik irten eta Kalamendira joan ziren lehendabizi. Handik, Madalenara eta Tontorramendira joan ziren, eta azkenik, Txori Erreka paretik jaitsita bueltatu ziren mendi buelta egitera ausartu zirenak.
Oro har, irakurketa positiboa egin dute Gazte Asanbaldako kideek. Euren iritziz, jendeari esker Ondarroako Gaztetxearen urteurren jaia “oso arrakastatsua” izan da . “Eskerrak eman nahi dizkiegu bi aste hauetan Gaztetxera hurreratu eta jaia gurekin batera ospatu duten guztiei. Antolakuntzan eta laguntzen ibili diren guztiei esker, hau guztia posible izan da. Eskerrik asko guztiei”.