Plastikoak, ontzi txikiak, tapak eta beste era askotako zaborrak aurkitu zituzten joan den zapatuan, Isuntzan, Karraspion, Salvajen eta Ogellan. Artzabal Surf Elkarteak hondartzak garbitzeko eguna antolatu zuen, eta Isuntza, Karraspio eta Salvajen aurkitutako zaborrekin bakarrik, lau saku bete zituzten.
Hondartzak garbitzen ibili zen lantaldea. Argazkia: Artzabal Surf Elkartea
Salvajen aurkitu zuten zabor gehiena. Artzabalekoek azaldu dutenez, eskaileretatik jaitsi eta aldapatik igo ziren bidean aurkitzen zuten guztia jasoz, eta ez zen izan gutxi. Ogellan ere, denetarik aurkitu zuten, bai eta tamaina handiagoko zaborrak ere, txikotak eta plastikozko kutxa handiak esate baterako. Txapapotea ere aurkitu zutela azaldu dute surf elkartekoek. «30 zentimetro luze eta 15 zentimetro lodierako orban bi».
Hondartzak garbitzeko deialdiak erantzun txikia izan duela nabarmendu dute. «Hala ere, ekimenean parte hartu genuen hamabiak ondo pasatu genuen eta gustura geratu ginen egindako lanagaz».