Aiako frontoian jokatuko dute bost aizkolarik kanporaketa. 18:00etan hasiko da lehia, eta 54 ontzako bi enbor eta 60 ontzako beste bi ebaki beharko dituzte.
Mugerzak dioenez, “aurten maila handia dago, eta zaila izango da kanporaketa irabaztea, baina, lan ona eginez gero, horretarako aukera egon badago”. Sailkapena lortzen badu, hirugarren finala izango da Mugerzarenzat. Iazkoa izan zen bigarren urtea, eta bosgarren geratu zen.
Mutrikuarrarekin batera, Eneko Otaño Aizpurua, Xabier Orbegozo Aginagalde ‘Arria V’, Jose Mari Telletxea Etxebeste eta Xabier Zaldua Alberdi arituko dira nor baino nor gehiago.
Horietatik, lehenengo hiru denbora onenak egiten dituztenak sailkatu dira Gipuzkoako 2.mailako aizkora txapelketako finalera. Hain zuzen ere, finala Usurbilen izango da, uztailaren 4ean.
Mugerzak finalean egoteko ahalegina egingo duela dio. Hala, Arria, Otaño edota Zaldua faborito moduan ikusten ditu; haren esanetan, aurkari “gogorrak” baitira.