Gipuzkoako 2. mailako aizkora txapelketako finalerako txartela eskuratu du Aratz Mugerza aizkolari mutrikuarrak. Domeka arratsaldean jokatu zen Aiako pilotalekuan txapelketako lehen kanporaketa eta Mugerza bigarren gelditu zen sailkapenean.
Sei aizkolarik parte hartu behar zuten domekako kanporaketan, baina, Unai Otañok, osasun arazoak medio, ez zuen parte hartzerik izan.

Beñat Saralegi eta Aratz Mugerza aizkolariak.
Kirolariek, 54 ontzako bi enbor eta 60 ontzako beste bi moztu behar izan zituzten ahalik eta denborarik laburrenean. Xabier Orbegozo izan zen bizkorrena bere lana 9 minutu eta 50 segundotan eginez. Aratz Mugerzak, berriz, 10 minutu eta 24 segundo behar izan zituen enborrak mozteko. Hirugarrena Eneko Otaño izan zen, Mugerzak baino segundo bakar bat gehiago eginda, 10 minutu eta 25 segundo.
Txapelketaren bigarren kanporaketa ekainaren 28an ospatuko da Orion. Finala, berriz, uztailaren 7an izango da Usurbilen.