Aurreko zapatuan [maiatzak 30] Orioren aurka 0-1 irabazi eta gero, Ohorezko mailara igotzea lortu dute Mutriku Futbol Taldeko nagusiek. Jon Naberan klubeko presidentearen iritziz, “merezitako garaipena” lortu du taldeak. “Oso pozik gaude. Zelaian gure taldea nagusi izan zen, eta jokalariek euren jokoa egiteko aukera izan zuten”.
Biek ala biek intentsitate handiko partida jokatu zuten Orioko Mendibeltz futbol zelaian. Aurreko astean joaneko partidan Mutrikun husna berdindu eta gero, dena airean zegoen, eta mutrikuarrek igoera “hurbilago” bazuten ere gogotik saiatu behar izan zuten.
Partida gogorra eta oso lehiatua izan zen. Mutrikuarrek gol aukera asko izan bazituzten ere, gola sartzea ez zen lan erraza izan. Lehen zatian, esate baterako, epaileak gol bat baliogabetu zuen, jokoz kanpo zeudelako. Naberanen esanetan, tantoa lortzea ez zen lan batere erraza izan. “Oriokoen atezainak oso lan ona egin zuen, eta gogor saiatu baginen ere, gola sartzea behin bakarrik lortu genuen”.
Mutrikuren eta Oriokoren arteko neurketa. Argazkia: Urola Kostako Hitza
Partidako gol bakarra Jon Perrasek egin zuen bigarren zatian. Gola eta gero, zoramena nagusitu zen Mendibeltzen. “Lehen gola indargabetu eta gero, epaileak gola zela ziurtatu arte nahiez ospatuta egon ginen. Gola sartuta nahikoa lasai geratu ginen. Oraindik ere ez zegoen ezer irabazita baina, garaipena hurbilago ikusten genuen. Eurek gurekin berdintzeko bi gol sartu behar zizkiguten eta”.
Partida amaitu orduko, jokalariek eta zaleek gogotsu ospatu zuten igoera Orioko berdegunean. Taldeko hainbat zale ere Oriora joan ziren, eta haiek ere zer gozatu izan zuten. Bi autobus jendez bete-beteta joan ziren, eta horiez gain, jendea bere kontura autoan ere joan zen taldea animatzera. Hain zuzen ere, zaleen babesak sekulako indarra eman zien jokalariei.
Iluntzean Mutrikura bueltatzean, ospakizunek luzerako jarraitu zuten. Jokalariak eta talde teknikoa kamioian jaitsi ziren Txurruka Plazara zaleen gozamenerako. Gerokoan, udaletxeko balkoitik agurtu zituzten herritarrak. Giro onean amaitu zituzten ospakizunak. “Zuzendaritza taldeko kideok jokalariekin batera afaria egin genuen, eta ordu txikiak arte ospatzen aritu ginen”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.