Hiru urtetan egin barik egon eta gero, indar berriekin ospatuko da Elkartasun Eguna, zapatuan, Markina-Xemeinen. Egun osoko jaia izango da, goizean hasi eta gauera arte, eta adin tarte guztiek izango dute jaian parte hartzeko aukera. Elkartasuna, eskubideak eta amnistia aldarrikatuko dituzte aurten.
2010eko Elkartasun Eguneko bazkaria, Plazabarripean.
Ume eta gazteentzako jolasak eta futbito txapelketa jokatuko dira goizean, Zelaian. 12:30etatik aurrera umeentzako aurpegi margoketa eta klarionen sormen guneak egongo dira eta gazteentzako berriz, Sustraiak Naturaren eskutik oreka-soka, arku jaurtiketa, kaxa jolasa eta jumareatzea.
Bestalde, sei koadrilak eman dute izena futbito txapelketarako. Hala ere, parte hartzeko izen emotea zabalik dago oraindik. Izena eman nahi duten taldeek, Patxua eta Toldope tabernetan dute horretarako aukera.
Kontzertuak gaztetxean
Eguerdian bazkaria egongo da frontoipean, eta 17:00etan zesta-punta partidak jokatuko dira frontoi nagusian.
Kaleetan zehar Batukada Poteoa egin eta gero, Akerbeltz gaztetxean EH Sukarra eta Jake Mate taldeen kontzertuak eta erromeria egongo dira.
Eguerdiko bazkarirako txartelak Txokoan eta Alarabin eskuratu daitezke 20 euroren truke, langabetu eta ikasleek 17 eurotan. Gauean, berriz, gaztetxean ogitartekoak afaltzeko aukera egongo dela jakitera eman dute antolatzaileek. Kontzertuetako sarrera 3 eurokoa izango da.