Aulestiko udala ari da urtero moduan ingurua garbitzen, udako hilabeteetan bizilagunek parkeaz goza dezaten.
Mikel Ansotegi alkateak esan duenez, dagoeneko pantalana ipini dute, eta belarra mozten eta ingurua txukuntzen dabiltza. Halaber, dutxa ere aste honetan jarriko dutela azaldu du.
Gainera, datorren astetik aurrera komun finkoa egongo da. Horrela, urte guztian herritarrek zein ingurutik paseatzen dabiltzanek erabili ahal izango dute.
Batik bat udako egun beroetan herritar asko biltzen da Errekondoko parkean. Izan ere, familia zein lagun artean egoteko leku aproposa da, eta bainatzeko aukera eskaintzeaz gain, umeek jolasteko azpiegiturekin prestatuta dago.