Iazko hiru irabazleak sari banaketa ekitaldiaren ostean.
Azaro Fundazioak eta Leartibai Garapen Agentziak, Kooperatiben Mahaia elkartearen laguntzarekin antolatu dute lehiaketa, ekintzaileen ahalegina eta lana saritzeko helburuarekin.
Iaz enpresa berri bat sortu, edo aurten enpresa bat martxan jartzeko asmoa duten herritarrek parte hartu dezakete.
Hiru modalitate bereiztu dituzte: oinarri teknologiko-berritzailea duten industria eta zerbitzuetako enpresak, merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzuetako enpresak eta kooperatiba izaera juridikoa duten enpresak. Gainera, azken horretara, Busturialdeko, Durangaldeko eta Debabarreneko bizilagunek ere proiektuak aurkezteko aukera dute.
Hala, irabazleek Lea-Artibaiko Berrikuntza Gunean dagoen enpresa-haztegian kokatzeko erraztasunak izango dituzte. Horrez gain, enpresa martxan jarri bitartean, zein ondorengo urteetan, aholkularitza eta laguntza zerbitzua emango diete lehiaketaren antolatzaileek.
Sari ekonomikoari dagokionez, lehenengo eta hirugarren modalitateetan 2.500 euro jasoko dituzte irabazleek, bigarrenean, ostera, 1.500 eurokoa izango da saria.
Sari banaketa hilaren 16an egingo dute Ondarroan, Lea-Artibaiko Ekintzaile Egunaren barruan. Halaber, egun horretan Lea-Artibaiko Enpresa Berrien Azoka ere egingo dute udalerriko Alamedan.