Aurreko zapatuan Ondarroan jokatutako IV. Antiguako Ama estropadako bandera Kaikuk bereganatu du. 20 minutu, 34 segundo eta 21 ehuneko denborarekin, beste talde guztiak baino azkarrago sartu zen helmugan.
Espero modura, Sestaoko arraunlariak fin aritu ziren Ondarroan, eta aurkariei irabazteko aukera gutxi utzi zien. Izan ere, lehen ziabogatik, aurretik ibili ziren.
Ondarroako trainerua estropadan. Argazkia: Joseba Arrizabalaga
Bestalde, bigarren postua lortzeko ahaleginetan hiru talde nor baino nor aritu ziren. Ondarroa, Zumaia eta Getaria parez-pare ibili baziren ere, azkenean Zumaiak lortu zuen bigarren postua 20 minutu, 58 segundo eta 78 ehuneko denboragaz.
Ondarrutarrak Zumaia baino hiru segundo eta erdi beranduago sartu ziren (21 minutu, bi segundo eta 30 ehuneko), eta «merezitako» hirugarren postuagaz konformatu behar izan ziren. «Estropada ona egin dugu. Estropada guztian Zumaiagaz batera ia pareko joan gara, baina azken luzean aurrea hartu digute. Pozik geratu gara traineru berriagaz egin dugun lehen estropadan, egia esan, emaitza ona izan da», azaldu zuen Gorka Elordi klubeko presidenteak.
Elordiren iritziz, arraunlariak ondo ari dira beharrean. Liga bi aste barru hasiko da Zarautzen, eta bien bitartean jokatuko diren estropadetan indarrak neurtu eta aurkariak zer moduz dauden ikusteko aukera izango dute ondarrutarrek Mutrikun eta Lekeition jokatuko diren aurredenboraldiko estropadetan.
IV. Antiguako Ama estropada, emaitzak