Markina-Xemeinen izango den Plazatik Gaztetxerako finalistak, erabakita
Eli Pagola Apezetxea eta Eñaut Martikorena Lizaso, Aitor Salegi Martija eta Aitor Irastorza Fadrique, Aratz Igartzabal Bidegain eta Gorka Maiz Alustiza, Mikel Iturriotz Etxaniz eta Amaia Iturriotz Etxaniz egongo dira ekainaren 13an Markina-Xemeinen izango den Plazatik Gaztetxerako finalean. Joan den barikuan Debako gaztetxean egin zen azken finalaurrekoan erabakita geratu ziren lau bikoteak. Aitor Salegi eta Aitor Irastorza izan dira azken sailkatuak.
Ander Zulaika eta Josune Arakistain, Manex Astigarraga eta Maddi Sarasua, Maialen Akizu eta Jon Gurrutxuga eta Aitor Irastorza eta Aitor Salegik saio bikaina egin zuten Debako finalaurrekoan, gai eta ikuspegi ezberdinak landuz.Agurren ostean, Manex eta Josunek eman zioten hasiera saio puntuagarriari, Afrikatik amets Europarren bila, gainezka zihoan itsasontzi baten zihoazen bi gazteren lekuan jarriz bizitza eta itsasoaren garratza erakutsi zuten.
Maddi Sarasua eta Aitor Irastorza ere oso ondo moldatu ziren zortziko txikian ofizioka, oholtzapeko sekretuak bideoaren gaia jorratuz.
Kopletan egin ondoren, bakarkakoen ordua heldu zen. Ander Zulaikak, urrezko ezteiak ospatzen zituen gizonaren paperean irribarrea atera zien Deban batutakoei. Lan horretan Maialen Akizu eta Aitor Irastorza ere primeran aritu ziren, ohera Joan eta gurasoen gelan “zaratak” entzuten dituen 5 urteko umearen pentsamendua azalduz lehenengoa eta sorterria utzi behar izan duenarena bestea.
Puntu erantzunetan, eta oinak emanda bertsoak entzun ostean, ikusleek euren ustetan hobekien aritu zen bikotea aukeratzeko aukera izan zuten. Azkenean, ikusleen botoz eta epaileen erabakiz, Aitor Irastorza eta Aitor Salegi, eta, Maialen Akizu eta Jon Gurrutxuga pasa ziren buruz burukora.
Hamarreko txikian, euren laguntasunaren ikur, tatuaje bat egiteko eskatu zion Aitor Irastorzak Maialen Alkizuri.
Bakarka berriz, Aitor Salegik lan bikaina egin zuen, 3 urte langabezian pasa ondoren, lanean hasten den gizonaren poztasuna guztioi transmitituz. Jon Gurrutxugak aldiz, krisiaren eraginez dirurik dagoenaren saminak azalarazi zituen.