Bariku [ekainak 5] arratsaldean hasita, Kamiñazpiko jaiak ospatuko dituzte ondarrutarrek. Kamiñazpiko Jai Batzordeak eta
Ondarroako Udalak antolatuta, bi egunez jai egitarau oparoagaz gozatzeko aukera egongo da. Beti-betiko jaiak prestatu dituzte, eta urtero legez, ez da giro onik faltako auzoan. Antolatzaileek auzotar, herritar eta inguruko denak gonbidatu dituzte jaietan parte hartu eta gozatzera.
Parkean botako duten barikuko txupinazoak jaiei hasiera ofiziala emango die, eta ordutik, Kamiñazpi auzoko kaleak eta txoko guztiak beltzez eta horiz jantziko dira.
Kamiñazpiko parkea jendez beteta, iazko jaietan.
Bariku iluntzean egingo diren ekimen guztien artean, herritarren playback lehiaketak Kamiñazpiko parkea jendez betetzea espero da, beste behin ere. Antolatzaileek aurreratu dutenez, hamar bat taldek parte hartuko dute lehiaketan. “Herritarrei asko gustatzen zaien momentua izaten da, eta eguraldiak laguntzen baldin badu, parkea bete-bete egingo da. Euririk ez egitea espero dugu”.
Bariku gaua herriko DJen emanaldiekin amaituko dute. Lehen orduak DJ Elepuntok girotuko ditu, eta haren atzetik DJ Alain, DJ Xuban eta DJ Koldo ariko dira. Ordu txikiak arte, herritarrek gerriak astintzeko aukera izango dute.
Auzotarrak paella prestatzen
Zapatuari dagokionez, pala txapelketagaz eta bizikleta ginkanaz hasiko dute jaien azken txanpa. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, pala txapelketan parte hartu nahi dutenek, aurretik eman beharko dute izena Amarratza tabernan. “Nahikoa talde ari dira izena ematen. Lehiarik ez da faltako euren artean”.
Eguardian kuadrilla bakoitzak paellak nahi moduan prestatu ostean, han hemenka jarrita paella janean batuko dira auzotarrak. Aitor Mendiluze eta Agin Laburu bertsolariek girotuko dute bazkalondoa, eta nahi dutenek, bikoteka musean aritzeko aukera ere izango dute. Bertan parte hartu nahi dutenek momentuan bertan eman beharko dute izena.
Zea Mays talde bilbotarra. Argazkia: Zea Mays
Eguna kontzertuekin eta musikarekin amaituko dute. Urtero talde ezagunen batek jotzen du jaietan, eta aurten,
Zea Mays talde bilbotarraren txanda izango da. “Jendea desiratzen dago taldeak Kamiñazpiko plazan jotzeko. Horrelako talde ospetsu bat herrian izateagaz pozik gaude”, azpimarratu dute antolatzaileek. Bilbotarrez gain, Nagore eta Txomin Lasarte aita-alabek euren lehenengo diskoa jendaurrean aurkezteko aukera izango dute estreinakoz.
Ohiko galtzontzillo eta pantaloi lasterketagaz agurtuko dituzte jaiak domeka goizaldean. “Ea aurten neska gehiagok parte hartzen duten. Galtzontzillo ugari ikusten dira, baina pantaloi gutxi”.
Bestalde, aurten ere antolatzaileek auzokoei eta auzokoak ez direnei eskari berezi bat eskatu nahi izan die. “Nahi duenak pintxoak prestatzen lagundu dezake. Etxean pintxoak prestatu eta horiek, ostean, txosnetan banatuko ditugu. Horrez gain, gurekin batera txosnan txandak egitera animatzen bazarete ere, ongi etorriak izango zarete”.
EGITARAUA:
Ekainak 5, barikua
- 18:30. Txupinazoa eta jai hasiera.
- Ondoren. Izarra eta Maren trikitilariak.
- 21:00. Playback lehiaketa.
- 23:00. DJ Elepunto.
- 01:00. DJ festa: DJ Alain, DJ Xuban eta DJ Koldo.
Ekainak 6, zapatua
- 10:00. Kamiñazpiko XI. Pala txapelketa.
- Ordu berean. Txistulariak Kamiñazpin zehar.
- 11:00. Umeen txirrindu ginkana.
- 12:00. Puzgarriak umeentzat, Kamiñazpiko parkean.
- 13:00. Paella egitearen hasiera.
- 15:00. Paella jana.
- 16:30. Bertsolariak: Aitor Mendiluze eta Agin Laburu.
- 17:00. Mus txapelketa.
- 17:00etatik 20:30era. Puzgarriak umeentzat Kamiñazpiko parkean.
- 18:00. Olee-ren eskutik, zinea umeentzat.
- 18:30. Kontzertua: Nagore eta Txomin.
- 22:00. DJ Ipar Abasolo.
- 23:30. Kontzertua: Zea Mays.
- 01:30. Kontzertua: Lau P4.
- 04:00. Kantzontzilo eta pantaloi karrera.