Lea-Artibaiko Sahela elkarteak bi urtetan bildutako material guztia Mendebaldeko Sahararantz doa. Gaur goizean bete dute kontainerra Lekeition. Barruan joan dira 18 palet eta Lekeitioko ikastetxeek emandako mahaiak eta aulkiak.
Udal beharginak Sahararako kontainerra betetzen.
10:00ak orduko ailegatu da edukiontzia Lekeitiora, eta 12:15ean irten da kamioia Bilborantz. Bilboko portuan egongo da kontainerra astelehenera arte, eta handik Oran-era (Argelia) bidaliko dute. Media Luna Roja Argelinak hartuko du edukiontziaren ardura, eta aduanatik pasatu ondoren Fronte Polisarioari emango diotela jakitera eman dute Sahela elkartekoek.
Edukiontzia bete beteta joan da. Barruan eraman ditu 5.800 kilo janari, 3.300 kilo erropa, eraikuntzarako 6.300 kiloko materiala, 1.000 kilo elektrizitateari lotutako aparailuetan (fluoreszente, bonbilla…), 1.500 kilo konpresa eta pixioihal eta ludotekarako materiala (ipuinak, ikastolak emandako puzzleak, arkatzak eta koadernoak). Horiek guztiak sailkatu eta paletak osatu dituzte Sahela elkartekoek, eta gaur guztiak kontainerrean sartu dituzte. Lekeitioko udaleko beharginak ibili dira kamioia betetzen. Horientzako eta beste hainbat lagunentzako esker oneko berbak besterik ez dituzte eduki Sahelakoek.
Paletak Saharara bidaliko duten edukiontzira eramaten.
Alde batetik, umeen eskola bat osatzeko beharrezko izango dituzten aulki eta mahaiak ematea eskertu diete eskolari eta ikastolari, eta bestetik, Santi Zumaran, Eugenio Zabaleta, Erabil, Kaltzakorta, Eiguren, Laristel, Luis Moral eta udaleko beharginak eskainitako laguntasuna eta babesa izan dituzte gogoan. “Eskerrak bihotz-bihotzez eurek barik ezin izango genukeelako guzti hau egin”.
Bi urteetako lan eta arduragaz gain, kostu handia izan du horrelako edukiontzi bat bete eta bidaltzeak. 6.000 euroko prezioa izan dutela azaldu dute Sahelakoek, eta hori guztia Santo Tomasetan eta Loteria salduta lortu dute besteak beste.
Kontainerra material guztiekin beteta.
Materiala, bestalde, Lekeition, Ispasterren, Aulestin, Markina-Xemeinen, Ean eta Bedaronan batu dute. Ispasterren, gainera, bost josteko makina lortu dituzte laguntzen duten proiektu berezi baterako. Josteko makinak ere bidean doaz, Saharako herriari laguntzeko.