Argi zuten egin egingo zutela. Eta horrela izan da. Basamortura Eskuzabal proiektua goitik behera bete dute Ander Txakartegik (Berriatua), Xabat Arratek (Markina-Xemein), Eneko Barroetak (Iurreta), Iñigo eta Txomin Bustinduik (Ondarroa) eta Igor Iraolagoitiak (Mendaro). Orokorrean, duela hile bat Marokoko lurretan bizi izan zutena “abentura polita” izan zela eta egindakoagaz “harro” daudela diote.
Xabat Arrate eta Ander Txakartegi, proiektu solidarioa burutu duten herritarrak
Proiektu solidarioa zen, hizki handiekin idazten den horietakoa. Izan ere, bi urte lehenago hasi zen taldea hango eta hemengo ateak jotzen. 6.000 eurotan baloratutako materiala bildu, Titan Desert proba egiteko babesleak lortu eta beste hainbat kontu lotu ostean, apirilaren 25ean hegazkinean sartu ziren proiektuko kideak. Buruan amets bat zuten, eta amets hori errealitate bihurtzea zen euren nahia.
Abentura horren guztiaren balorazioa “positiboa” dela dio Txakartegik. “Proba bera polita izan da, baina burua argi eduki behar dela ere ikasi dugu. Gu fisikoki oso ondo prestatuta joan ginen, baina proba hau fisikoki baino psikologikoki da gogorra”.
Parte hartzaileentzat beroa izan da kontran eduki duten faktorerik gogorrena. “Hain dagoen bero asko ze, gorputzak ez duela deskantsatzen”, dio Txakartegik. “Gutxinaka, gu beroari nola aurre egin ikasten joan ginen; ura baino kolazko freskagarria hobeto sartzen zen”. Haizea ere izan dute kontran, bi egunetan edo, baina beroak gehiago eragiten zietela diote.
Ibilbideari dagokionez, Titan Desert ez dela hain gogorra dio berriatuarrak. “Fisikoki gu oso ondo geunden. Beraz, proba ez da izan horren gogorra. Proba hau, beste asko modura (Iron Man-a, esaterako), mentalki da gogorra. Buruan argi badaukazu egin egingo duzula, horrek laguntzen dizu aurrera egiten. Osterantzean, akabo!”. Eta buruak hain zeukan pisua ze, probaren gogortasunean %80a psikologikoa zela dio. “Ni gaixorik egon nintzen, eta asko sufritu nuen, baina momentu baten ere ez zitzaidan burutik pasatu erretiratzea”. Txakartegiren beldurra orduan metara iristea zen. “Horixe nuen buruan, ez besterik”.
Titan Desert ez dela hain gogorra dio Txakartegik. “Fisikoki gu oso ondo geunden. Beraz, proba ez da izan horren gogorra. Proba hau, beste asko modura (Iron Man-a, esaterako), mentalki da gogorra. Buruan argi badaukazu egin egingo duzula, horrek laguntzen dizu aurrera egiten. Osterantzean, akabo!”.
Dena den, sailkapen orokorrean ahalik eta goren egotea ez zen euren helburua. “Sailkapen orokorrari kasurik ere ez nion egin, ez zen hori gure helburua; guk proba egin eta proiektua gauzatu nahi genuen”.
Basamortura Eskuzabal proiektuko kide guztiak, Titan Deserta amaituta
Txakartegiren esanetan, berak “sinistuta” zeukan amaitu egingo zuela. “Neure burua hain buru gogorra zela ez nekien”. Dena den, proban parte hartzen zeudela, bestelako ikuspuntua zutela diote. “Orain, hilabete pasatu eta han grabatutakoa ikusten gaudela, konturatzen gara limiteraino joan ginela”.
Antolakuntzari dagokionez, hutsuneak ere ikusi dituztela diote. “Ez nioke 10 bat emango, 7-8 bai, baina ez 10. Gauza batzuk ez zeuden ondo: hornidura puntuetan ez zegoen janaririk, eta ura saldu egiten zuten, ez eman (3 euro)”.
Ekarpen solidarioa, eskertzekoa
Bizikleta gainean igo eta basamortuan barrena sartu aurretik, baina, taldeko kideek proiektu solidarioa gauzatu zuten. Felix Dot eta Manuel Tajada Titan Deserteko zuzendaria eta zuzendari teknikoa, hurrenez hurren, aldamenean zituztela, 6.000 eurotan baloratutako arropa, medikamentu, jolas eta bestelako materialez osatutako edukiontzia eskura eman zioten hangoei. “Oso polita izan zen. Nik hitz batzuk egin nituen, bai eta kongregazioko mojak ere (Angela). Esker oneko azaldu ziren eta pozik sentitu nintzen”.
Behin ekarpena eginda, lasaitua hartu zuen Txakartegik. “Ekarpena egin arte, bata eta bestea lotzen ibili nintzen eta horrek tentsioan mantentzen ninduen. Behin hori eginda, lasaitua hartu nuen. Eta akaso, lehenengo etapan eduki nuen ahulaldia ere hortik etorri ahal dela uste dut”.
Aholkuak
Behin Titanak izanda, besteren batek joateko asmoa duela esaten badie, burua argi eramateko gomendioa egingo lioketela diote. “Ez da edonor joateko proba; ondo prestatuta joan behar da, eta burua beti argi eraman. Hori ezinbestekoa da; parte hartu nahi duenak sinistu egin behar du, eta aurrera egin”. Dena den, eurek barriro ez luketela errepikatuko diote. “Bosgarren etapa izan zen abentura. Gainontzekoa polita zen, baina oso monotonoa”. Baina abenturazaleak dira, eta hori odolean daramate. Elkar begiratuta, hurrengo erronka zein izango den pentsatzen jarraitzen dute Txakartegik eta Arratek. Ez dute etenik.
Txakartegik hortxe-hortxe dauka ideia: Titan Tropikala. “Titan Desert amaitu bezain pronto, bozgorailuetatik esan zuten, aurten, estreinako, Titan Tropikala egingo dela (Gabonetan, Kuban). Eta esan nuen, nik hori egin nahi dut!”.
Arratek Marokora autoagaz korritzera joan nahi duela dio: “Hori datorren urteko Aste Santuan egin nahiko nuke. Eta edurretan ere egingo nuke beste proba bat, polita litzateke”
Arratek, aldiz, ez dauka hain argi tropikala egin nahi duenik. “Nik ikusi egin behar dut zelakoa den, eta gero akaso… Dena den, argi daukat Marokora autoagaz korritzera joan nahi dudala. Ideia hori Titan Desert egiteko aukera baino lehenago neukan buruan, baina gora-behera batzuk tarteko, azkenean ez nuen egin. Hori datorren urteko Aste Santuan egin nahiko nuke. Eta edurretan ere egingo nuke beste proba bat, polita litzateke”.
Handik, baina, ez dira ez esku hutsik etorri. “Norbere buruarekiko segurtasun gehiagogaz etorri gara; egindakoa ez da hutsaren hurrengo izan. Proiektua osotasunean burutzeak geure buruarengan konfidantza gehiago eman digu”. Ingurukoek ere lagundu diete horretan. Izan ere, behin etxera itzulita, askok zoriondu ere egin dituztela esan dute.
Hitzaldiak, han eta hemen
Orain, han bizitakoa gogoan, bildutako material guztia antolatu, montatu eta txukundu ostean, proiektuko kideek hitzaldiak eta bideo proiekzioak eskaniko dituzte batean eta bestean. “Gure abenturak iraun duen bitartean grabatutako irudiak erakusteaz gain, gure proiektu solidarioa zertan oinarritu den eta zer izan den kontatu nahi diegu herritarrei”. Hitzaldiak nonnahi eskainiko dituzte, beraz, herritarrei adi egoteko eskatzen diete.
Zehatz esateko, zazpi ordu baino gehiago ekarri dituzte materialetan.
Abenturak “asetu” egin badituzte ere, ez batak ez besteak ez daukate geldik egoterik. Abentura hitza aipatu hutsarekin, begietatik txinpartak ateratzen zaizkie. Beraz, zeresana ematen jarraituko dute, seguru.
[nggallery ID=237]
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.