Baccharis halimifolia landare ibaditzailearen aurrean Eusko Jaurlaritzak Leako, Urdaibaiko eta Txingudiko itsasadarretan egindako lana saritu du Europar Batasunak. Europako Batzordearen Ingurumen Zuzendaritzak “hoberenen artean bost hoberenetako (
Best of the Best)” saritu ditu, tartean Jaurlaritza. Zehatz esateko, Jaurlaritzako Ingurumen Sailak landare inbaditzailea desagerrarazteko egindako lana eta prestatutako egitasmoa da saritu duena.
Ana Oregi, saria eskuetan duela. Argazkia: Irekia
Ana Oregi Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak jaso zuen ekainaren 4an Life Nature/Information Projects Awards 2015 saria. Oregiren arabera, pozgarria da sari hori jasotzea. Izan ere, Europako Batzordeak ezarritako oinarriak “oso altuak” direlako. “Urteetan aritu gara ekimena garatzen, ahalegin eta itxaropen handiz, bai gure teknikarien aldetik eta baita gurekin lan egiten duten beste administrazioko teknikarien aldetik ere. Garrantzitsuena, baina, emaitzak dira, eta horra hor Txingudi, Lea eta Udaibai”.
Ana Oregi: “Pozgarria da horrelako sariak jasotzea. Izan ere, Europako Batzordeak ezerritako oinarriak oso altuak dira, eta gu urteetan aritu gara ekimena garatzen, ahalegin eta itxaropen handiz”
Jaurlaritzagaz batera, Europako Batzordeak beste lau ekimen ere saritu ditu: eguzki-arranoaren eta sakre belatzaren kontserbazioa Bulgariako Red Natura 2000 guneetan, Orsini sugegorriaren kontserbazioa Hungariako Karpatoetan, Errumaniako Ekialdeko Karpatoetan hartzak kontserbatzeko jardunbide egokiak, eta Thalassa, Greziako itsas ugaztunak babesteko, haien inguruan hezteko eta haiei buruzko ezagutza jendarteratzeko kanpaina.
Dena dela, Batzordeak gizarte sareen bitartez beste sari bat deitzeko asmoa dauka. Sari hori, baina, herritarrek emango lukete. “Herritarrek bost egitasmoen artean gogokoetan aukeratu beharko dute”.
Baccharis Halimifolia landarea
Europako Batzordeak 2014n Europa osoan ebaluatutako 46 LIFE-Natura proiektuetatik 13 onenen artean sartu zuen Jaurlaritza Txingudi, Urdaibai eta Lean
baccharis landare inbaditzailea desagerrarazteko egiten ari den lana.
Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak garaturiko eta Europar Batasunak finantzaturiko LIFE Euskadiko Estuarioak
proiektuak geldiarazi egin du Baccharis halimifolia landare inbaditzailea –chilca izenez ere ezaguna– euskal kostaldean hedatzea, Urdaibaiko, Leako eta Txingudiko itsasadarretatik 780tik gora hektareatan eginiko eliminazio tratamenduei esker. Guztira, espezie inbaditzailearen 570.000 zuhaixka tratatu dira, eta 5 milioi plantula kendu dira eskuz.
Jaurlaritzaren proiektuak geldiarazi egin du Baccharis halimifolia landare inbaditzailea euskal kostaldean hedatzea, Urdaibaiko, Leako eta Txingudiko itsasadarretatik 780tik gora hektareatan eginiko eliminazio tratamenduei esker
Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendari Amaia Barredoren arabera, “bertakoak ez diren espezieak lurralde berrietara ekartzen direnean, nahita edo nahi gabe, ingurumen inpaktua oso handia izan daiteke, baita inpaktu ekonomikoa eta soziala ere. Europar Batasunaren kasuan, urteko 12.000 milioi eurotan baloratu dira eragin horiek”.
Natura Ingurunearen zuzendariak nabarmendu duenez, espezie inbaditzaileak ekartzeak eragin negatiboak izan ditzake, esaterako, “gizakiei gaixotasunak transmititzea, biodibertsitatea galtzea, baita tokiko espezieak desagerraraztea ere. Horren adibide dira bisoi europarraren kontserbazio arazoak, amerikarraren lehiaren ondorioz, edo estuarioetako habitaten hondatzea eta galera,
Baccharis halimifoliaren okupazioa dela eta. Euskadiko itsasadarrak leheneratzeko LIFE proiektuari esker, ihitokiak, larre gaziak eta lezkadiak berreskuratu ahal izan dira, guztiak ere habitat garrantzitsuak hegazti-espezie babestuek habiak egiteko”.
Edozein espezie inbaditzaile behar bezala eliminatzea lortzeko gakoetako bat hark bere inbasio tresnak martxan jartzea eragoztea da.
Baccharis halimifolia espeziearen kasuan tresna horiek hazi-ekoizpen handia, ernaberritzeko gaitasuna eta hazkunde azkarra dira. Planteamendu hori oinarri hartuta hasi ziren 2011n LIFE proiektuaren lanak. Une horretan, eraginik handiena jasotako eremuari eman zitzaion lehentasuna: Urdaibai. Lehenengo urtean landare helduak zituzten 200 hektarea inguru tratatu ziren estuario horretan, eta 80 hektarea plantula erauzi ziren eskuz. Hurrengo bi urteetan, Urdaibain chilca ernaberritutako lekuetan lan egiten jarraitzeaz gain,
Lean eta Txingudin ekin zitzaien lanei.
Guztira 780 hektarea gordinetan egin dira basoko lanak, eta, kalkuluen arabera, 570.000 landare heldu deuseztatu dira, eta 75 cm-ra arteko bost milioi plantula erauzi dira eskuz. Lanak urte osoan egin dira, urtaro bakoitzean egokienak ziren metodologiak txandakatuta eta, bai neguan, bai udan, baldintza meteorologiko oso txarrei aurre eginda, baita itsasaldiei, paduretako irisgarritasun-zailtasunei eta abarri ere, eta, betiere, espezie babestuen ziklo biologikoak errespetatuta.