Aktore ondarrutarrak “pozik” dagoela dio. Eta ez da gutxiagorako ere. Izan ere, bateko eta besteko emanaldi arrakastatsuetan parte hartu eta gero, orain, EiTBk udazkenean (irailaren bukaera aldera) estreinatuko duen Aitaren etxea telesail berrian parte hartzen dabil. “Nirea paper txikia da, baina hor gabiz”, gaineratu du.
Alegria, grabaketa momentu baten, Miren Gaztañagagaz
Aitaren etxea 1955ean, frankismoan, kokatuta dagoen telesaila da. Horretan, bi familia dira nagusi: famili abertzalea (Zelaiatarrak) eta frankista. Familia abertzaleko mutil gaztea (Ander Azurmendi), herriko alkate frankistaren (Kandido Uranga aktoreak interpretatzen du) alabagaz (Loreto Mauleon) maitemintzen da. “Trama nagusia hori da”. Familia abertzaleko anaia bikiak lantoki baten lan egiten dute. “Anaia horiek, Zelaiatarren familiako kideak, nik interpretatzen dudan pertsonaiagaz lan egiten dute”. Alegriak Manu izeneko pertsonaia interpretatzen du.
Telesaila Echegui izeneko herrian kokatuta dago. “Echegui fikziozko herri bat da, bere garaian Goenkalen Arralde izan zen moduan”. Alegriaren pertsonaiak, eta gainerako langileak, garai horretako langileen borrokan dauden murgilduta. “Ordu asko sartzen ditugu, makineria ere ez dago egoki, lan istripuak gertatzen dira… Horiek guztiak dira gure borrokagaz konpondu nahi ditugunak”. Errealitate horren aurrean, lantokiko beharginek “erresistentzi talde” bat osatzen dute.
Herriko alkate frankista (Kandido Uranga), baina, lantoki horretako bazkide ere bada. “Tarteka lantokira ere agertzen da”.
Hortik aurrera gertatzen dena, baina, udazkenetik aurrera jakingo da.
Ugaitz Alegria, Miren Gaztañaga, Anartz Zuazua eta Iñigo Aranburu
Aktoreei dagokienez, Alegriagaz batera,
Miren Gaztañaga (Karmele),
Iñigo Aranburu (Inaxio) eta
Anartz Zuazua (Tomas) dira erresitentzia talde horretako kideak. Protagonistak, alegia, fikzioan maitaleak izango direnak
Loreto Mauleon eta
Ander Azurmendi izango dira. Eta eurekin batera arko da Kandido Uranga ere. Beraz,
aktoreak, ospe eta eskarmentu handikoak dira.
Aitaren etxea telesail bat bada ere, film baten parte hartzen duten teknikariak ere badabiltza taldean. “Egia esan, filmetako altor teknikoa ere beharrean ari da gugaz; telebistatik eta zinema mundutik ezagutzen ditudanak dabiltza
Aitaren etxean beharrean”, azaldu du Alegriak. “Nahasketa moduko bat da telesaila”.
Erresistentziko kideak, grabaketan
Grabaketa lekuei dagokienez, telesaila grabatzeko kokapen naturaletan dabiltzala argitu du ondarrutarrak. “Benetako hotel baten grabatzen gabiltza (Zestoa), lantokia ere Legazpin dagoen aitzinako eraikin bat da…”. Orokorrean, Hondarribia, Legazpi, Zestoa, Donostia eta Zumaia-Itziar inguruetan dabiltza grabaketak egiten. “Produkzio aldetik oso ondo landuta dago”.
1955. urtean kokatutako telesaila izanik, janzketa eta pertsonaien hizkera ere garai horretara egokituta daudela dio Alegriak. “Nire pertsonaiak Hitanoa erabiltzen du; niri nahikoa zaila egiten zait hikaz hitz egitea, baina saiakera asko eginda, lortzen dut”.
Alegria, Anartz Zuazua eta Iñigo Aranburu
Grabaketak aipatuta,
maiatzaren 18an hasi ziren grabatzen, eta
uztailaren 10ean amaituko dute. “Grabaketa saioek zortzi aste inguru iraungo dute”.
Aurretik aipatu modura, telesaila udazkeneko programazioagaz batera estreinatuko du EiTBk. “Berez, hasiera baten, hamabost atal grabatuko ditugu, gero gerokoak!”.
Ezkerretik eskumara, Zuazua, Gaztañaga, Alegria eta Aranburu
Baina
Aitaren etxea ez da Alegriak eskuartean darabilen proiektu bakarra. Izan ere, grabaketa saioetan parte hartzeaz batera,
Glu Glu antzerki konpainiagaz batera
Txanogorritxu han eta hemen antzezten ere badabil. Eta hori gutxi ez eta
Cabaret Chichinabo antzerki musikala ere prestatzen dabil. “
Cabaret Chichinabo-n Cabaret Chihuahau-n parte hartu genueonok gaude. Eta hori Bilboko Aste Nagusian estreinatu nahi dugu, bere garaian
Cabaret Chihuahuagaz egin modura”. Horretan, gainera, Iñaki Marurik ere parte hartzen du. “Maruri, aktore izateaz gain, Cabaret Chichinaboko musika zuzendaria ere bada eta ni dantza arduraduna; koreografiak prestatzen nabil”.
Azken proiektu horretan, oraindik “sukaldeko lan asko” dagoela egiteko dio. “Geratu barik nabil, baina aldi berean, pozik”.
Horrela ba, han edo hemen,
Aitaren etxea udazkenean EiTBn estreinatu orduko, Alegria, bertoko beste aktore batzuekin batera, beste leku asko eta askotan ikusteko aukera edukiko dute herritarrek.
Ugaitz Alegria eta Miren Gaztañaga