Jaiak hasi modura amaitu dira Ondarroako Kamiñazpi auzoan, giro onean. Asteburuan eguraldi txarra iragarrita bazegoen ere, ez du euri askorik egin, eta hortaz, jaietara hurreratu denak gozatzeko aukera izan du bateko zein besteko ekimenetan. Bertan egon diren auzotarren esanetan, “aspaldikorik jendetsuenak” izan dira.
Betiko legez, playback lehiaketa ikusteko bete-bete egin zen parkea. Sei kuadrillek parte hartu zuten txapelketan, eta denek ere, maila ona eta dantza landuak erakutsi zituzten oholtza gainean. Sariei dagokionez, Felizianuk kuadrillak koreografia onena saria irabazi zuen, eta Lorituk kuadrillak, ostera, playback onenarena lortu zuen Gatiburen Euritan dantzan kantagaz.
Feliazianuk kuadrillako kideak, dantzan
Beste urte batez, gala aurkezten Txo! Antzerki Kolektiboko kideak egon ziren, eta parkean batutako jendearen artean barre algararen bat edo beste eragin zituzten euren ateraldiekin. Urtero gai xelebreren bat aukeratzen dute aurkezleek, eta aurten, Gu Ta Gutarrak telebista saioko Txurru eta Beitia irudikatu zituzten.
Zapatuan [ekainak 6], ostera, goizean goizetik ez ziren gelditu ere egin auzotarrak. Pala txapelketan 16 bikotek parte hartu zuten, eta Xabier Arrizabalaga Txirloik eta Iker Urrestik jantzi zuten txapela, Mikel eta Igor Iriondori 22-6 irabazi eta gero.
Kuadrillak paella prestatzen
Bazkaritan ere, jende asko batu zen jaietako propio ipinitako karpan. Kuadrillek plazan egindako paellak giro onean jan zituzten. Aitor Mendizabal eta Agin Laburu bertsolariek girotu zuten bazkalondo luzea. Bien bitartean, etxeko txikienek parkean ipinitako puzgarrietan jolasteko aukera izan zuten. Horrez gain, nahi izan zuenak arku tiroa probatzeko aukera ere izan zuen.
Zapatu arratsaldean egindako mus txapelketan ere jende askok parte hartu zuen. Antolatzaileen arabera, sekula baino bikote gehiago batu ziren: 31.
Bikote parte hartzaileak musean jokatzen
Arratsaldea aurrera, hainbat kontzertu egon ziren aukeran plazan. Nagore eta Txomin Lasarte aita alabak ikusten, esate baterako, giro polita egon zen. Zea Mays talde bilbotarrak, ostera, publiko ondarrutarra erraz bereganatu zuen. Da euren azken diskoko kantuak jotzeaz gain, euren diskografiako kantarik esanguratsuenak jo zituzten hara hurreratutakoen gozamenerako.
Plaza guztia dantzan eta kantuan ipini zuten. Kukutza abesten amaitu zuten kontzertua. Lau P4 talde ondarrutarra ere ez zen atzean geratu, eta giro polita ipini zuten.
[nggallery ID=250]
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.