Aurrekontua zertan erabili erabakiko dute etzi
Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuko 2 milioi euro inbertituko ditu Debabarrenean. Horren harira, eguenean Elgoibarren egingo den batzarrean Debabarreneko herritarrek proposamenak egiteko aukera edukiko dute.Guztira, apirilean eta maiatzean, 75 pro...
Guztira, apirilean eta maiatzean, 75 proposamen jaso dira. «Proposamen horiek herrietan egindako bilera irekietan, postontzietan zein Internet bidez egindako galdeketetan jaso dira», azaldu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek. «Proposamen horietako batzuk, aztertu ostean, alde batera utzi dira, ez dituztelako bi baldintza nagusiak betetzen: gaia aldundiaren eskumenekoa izatea eta eskualde izaera edukitzea».
Beste kasu batzuetan, baina, proposamenak batu egin dituzte, «gai berari buruzkoak zirelako».
52 proposamen
Garbiketa eginda, bada, 52 proposameneko zerrenda jarriko da egueneko bileran. 18:30ean hasiko da, Elgoibarko kultur etxean.
Bilera horretan, proposamen horietatik guztietatik hamar aukeratuko dira. «Batzarrean Debabarrena osatzen duten herrietako herritarrek parte hartu ahal dute».
Mutrikuri dagokionez, besteak beste, turismo alorrean, Sasiola-Astigarribia ingurua balioan jartzeko egitasmoa dago proposamenen artean, bai eta ere Mutrikuko artadia bultzatzea, Garrantzi Komunitariko Leku bezala.
Lehenetsiko diren hamar proposamen horiek Gipuzkoako Foru Aldundira bidaliko dira, eta han egitasmo bakoitzaren bideragarritasuna aztertuko dute adituek.